Irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko dituzte Nardiz tar Jon kalean
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Nardiz tar Jon kaleko lanek "gutxi gorabehera hiru hilabete" iraungo dute. Astelehenean hasiko dira lanokin, eta horiek iraunbitartean Intxausti kaleko trafikoaren noranzkoa aldatu egingo da.
Bermeoko Udalak Bermeoko Alde Zaharreko berreskurapen planarekin jarraitzen du. Nekazari, Intxausti, Areilza eta Doniene kaleetan berrikuntza lanak egin ostean, Nardiz Tar Jon kalea berriztuko dute orain. Udalaetik azaldu dutenez, irisgarritasuna hobetzeko, kalearen itxura berritzeko, gunearen garbiketa lanak errazteko, eta, “herritarren bizi kalitatea hobetzeko” lanak izango dira.
Zehaztu dutenaren arabera, kale horretako errepidea eta espaloia “maila berean” jarriko dituzte, “irisgarritasuna bermatzeko”. Horrez gain, euri-urak hartzeko granitozko V formadun “pieza berezi bat” jarriko da. Era berean, “ahal den neurrian” zerbitzu-sarea lurperatuko dutela adierazi dute: “kontuan hartu beharko da toki bakoitzaren egitura fisikoa, azpiegiturak lurperatzeko aukerak aztertzean”.
Astelehenean hasiko dira irisgarritasuna hobetzeko lanekin, eta lan guztiak egiteko epea “gutxi gorabehera hiru hilabetekoa” izatea aurreikusten dute. Egin beharreko lanak bi fasetan egingo dituzte; lehenengoan, Goiko Plazatik Aldatzeta kalerainoko tartea egingo dute, eta, bigarrenean, berriz, Aldatzetatik Arresi kaleraino. Lan horiek direla eta, Nardiz Tar Jon kalea trafikora itxiko dute: “Lehenengo fasean Aldatzeta kaleraino bakarrik, eta bigarren fasean kalea bere osotasunean”. Hala, lanek iraun bitartean Intxausti kaleko trafikoaren noranzkoa aldatu egingo da.
Hondakin bilketa.
Trafikoaren noranzkoa aldatzeaz gain, hondakin bilketan ere aldaketak egingo dituztela azaldu dute. Modu horretan, Nardiz tar Jon eta Intxausti kaleetako edukiontziak erabili beharrean, erabiltzaileek Arana tar Sabinen (Goiko Plaza) enparantzakoak eta Arresi kalekoak erabili beharko dituzte.
Udalak barkamena eskatu die herritarrei, lanek iraun bitartean sortu daitezkeen eragozpenengatik.