Beatriz Egizabalek ‘Magma mia’ bakarrizketa aurkeztuko du
Egizabalek 'Magma mia' umorezko bakarrizketa eskainiko du domekan [martxoak 2], 19:00etan, Eako Eskolondon.
Beatriz Egizabalek Magma mia umorezko bakarrizketa eskainiko du domekan [martxoak 2], 19:00etan, Eako Eskolondon. Hain zuzen ere, martxoaren 8ra begira, Bedarona, Ea eta Natxituko Andrek eta Eako Udalak antolatutako egitarauaren baitan kokatu dute bakarrizketa. “Haserre nago, sutan nago, irakiten nago. Presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezi naute. Sumendia lehertzear dago… Magma Mia!”. Horrela laburbiltzen du egileak bere obra.
Bakarrizketa feminista da: “Militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizuna da eta ikusle potentzial desberdinetan gogoeta eta barreak eragitea du helburu”. Egizabal ipuin kontalaria, narratzailea, pailazoa eta aktore feminista da. Ipuinak emakumeen ikuspuntutik kontatu ohi ditu, feminismotik, “eguneratzeko beharra duten estereotipoak aldatzeko ahaleginetan”.
Hain zuzen ere, uste du emakumeei gertatzen zaizkien gauza asko ez zaizkiela gertatzen andrazkoak direlako, baizik eta atzetik “sistema oso bat” dagoelako: “Hori esplikatu nahi dut. Entzuleak barre egitea nahi dut, baina haiengan zirkuitu laburrak eragiten saiatzen naiz”. Ipuin kontalari gisa beste norbaiten istorioak kontatzen ditu, baina bakarrizketetan, ez. Kasu horretan, Egizabalek bere egunerokotasunaren “azterketa bat” egiten du, ikuspegi feminista batekin: “Batzuetan, teorien bidez patriarkatua zer den hain argi ikusten ez duen jendeak oso argi ikusten du egunero bizitzen ditugun adibideekin”.