Munduari bira, Manu Leginetxeren bidea oroitzeko
1965ean mundari bira eman zion Manu Leginetxe kazetari arratzuarrak, 'El camino mas corto' liburuan hori kontatuz. 60 urte beranduago, kazetariak egin zuen bidea osatuko dute Begoña Ugartek eta Ignacio Corcuera Livingstonek. Eta hasiera ekitaldia zapatuan egingo dute Belendizen.
Manu Leginetxe kazetari arratzuarrari omenaldia egingo diete zapatuan (martxoak 1), Belendizen.
12:30etik aurrera, auto klasikoen elkarretaratzea egongo da bertan, eta, ostean, 13:30ak aldera, Trans World Expedition 2 Munduari Bira proiektuaren aurkezpena egingo dute Begoña Ugartek eta Ignacio Corcuera Livingstonek.
Izan ere, 1965ean, duela 60 urte, Albert Podell, Woodrow Stans eta Willy Mettler kazetariek munduari itzulia emateko abenturari ekin zioten Toyota Land Cruiser batean, autoz egindako distantziaren errekorra gainditzeko asmoz. Horiei arratzuar kazetaria gehitu zitzaien Madrilen, eta, ondoren, horri buruzko bidaia liburua idatzi zuen: El camino mas corto.
60 urte beranduago, Arratzun jaiotako idazleari omenaldia egin gura diete, bere jaioterritik irtenda, eta bere liburu ikonikoan deskribatzen duen ibilbide bera eginez. Hala, Leginetxek ikusi zuen mundua Ugartek eta Livingstonek aurkituko dutenarekin alderatuko dute, ostean idazteko asmoa duten liburu eta artikuluetan.

Manu Leginetxe Beiruten egon zeneko irudia
Misio horretarako 1983ko Mercedes Benz ibilgailua aukeratu dute, G motakoa, 1. seriekoa. Eta, 42 urteko ibilgailu hori zehaztasunez egokitu dute munduari bira emateko igaroko dituzten bost kontinenteak (Europa, Ipar Amerika, Australia, Asia eta Afrika) eta hogei herrialdeak zeharkatzeko; 30.000 kilometroko erronka izango da.
Espedizioak iraun bitartean (lau edo bist hilabete) kronikak egingo dituzte euren sare sozialetan, zein zenbait komunikabidetan. Gainera, espedizioa deskribatuko duen liburua argitaratzeaz gain, zenbait bidai eta automobilismo aldizkarietan ere kronikak jasoko dituzte. Gainera, oraindik zehazteke dagoen kanal tematiko digital batean ere serie dokumental bat egitea pentsatu dute.
Manu Leginetxe arratzuarra zen, eta kazetaritzan lan ugari egin zituen: gerrako berriemailea izan zen, Colpisa eta Fax Press albiste agentzien sortzailea, bidaiaria eta idazlea. Lanbidearen jardunean, XX. mendeko gertaera historiko ugariren lekuko izan zen: Iran, Aljeria, India, Pakistan, Vietnam, Korea, Libano, Afganistan eta Nikaraguan, besteak beste.
Sari ugari ere jaso zituen; besteak beste, Euskal Kazetarien Elkarteak saritu zuen 2007an, eta Jaurlaritzaren Lan Onaren Saria eskuratu zuen 2010ean. Euskadi Literatura saria ere eman zioten 2008an, El club de los faltos de cariño liburua idazteagatik.