Ibilbide berrituagaz dator 22. Ereñoko Udala Sari Nagusia
Zapatuko [martxoak 1] 22. Ereñoko Udala Sari Nagusia proba Euskaldun Txapelketako bigarren lasterketa puntuagarria izango da. Ibilbide berritua izango dute aurten txirrindulariek; birritan gaindituko duen Omako tontorra izango da berrikuntza nagusia.
Ereñoko Udala Sari Nagusia afizionatu mailako txirrindularien denboraldi hasierako probarik gogorrenetako bat baldin bada, aurtengo 22. aldia are gogorragoa izango da. Ibilbide berrituagaz eta ohiko maila handiko parte hartzeagaz lehiatuko dute zapatuan [martxoak 1] Euskaldun Txapelketarako puntuagarria izango den bigarren hitzordua, eskualdeko errepideetan barrena.
Txirrindulariek 123,5 kilometroko ibilbide gorabeheratsu eta teknikoari aurre egin beharko diote, 2.400 metro positibo inguruko desnibel metatuagaz. Hainbat mendate eta aldapa puntuagarri edukiko dituzte aurretik, baita puntuagarriak izango ez diren baina hanketan sobera igarriko dituzten hamaikatxo koska ere. Ereñoko Atxoste auzoan abiatuko dira, 14:45ean, eta 18:00rak aldera helmugaratuko, Elizaldeko herrigunean. Elite eta 23 urtez azpiko kategorietako ziklistek parte hartuko dute; Euskal Herriko talderik esanguratsuenak irteera lerroan egongo dira. Gaur-gaurkoz, 170 txirrindulari inguru daude izena emanda; tropelaren muga 200 lagunekoa izango dela iragarri dute antolatzaileek.
Atxostetik aterata, Laida eta Laga hondartzetarako bidea hartuko dute parte hartzaileek, eta igoera txikiz jositako hondartzetako itzuli hori birritan egin beharko dute; bigarrena amaitu orduko, Natxitutik Eara joko dute, handik Ispasterrera jotzeko eta Atxostera itzultzeko. Han edukiko dute lehendabiziko tarteko helmuga. Ondorengo kilometroetan ekingo diete berritasunei: Gautegiz Arteagatik Omara igoko dira, lehenengo mendate puntuagarrira. Gernika-Lumotik Gautegiz Arteagara bueltatuta ekingo diote bigarren igoera puntuagarriari, baina, Omako tontorra harrapatu bezain pronto, errepideak goranzko joeragaz jarraituko du. Nabarniz gailurrean edukiko dute hirugarren mendate pankarta.
Ibilbide osoko gogortasun metatuaren ondoren, Angelutxuko azken aldapak egingo ditu epaile lanak, helmuga harrapatu orduko
Ereñoko helmuga eremuan eta Ispasterren, hurrenez hurren, topatuko dituzte eguneko azken tarteko helmugak. Azkenengo kilometroetan, Ea eta Natxitua lotzen dituen Angelutxuko gaina igoko du tropelak, eta ostean iritsiko dira Ereñoko helmugara. Ereñoko Gerandape Kirol Klubeko antolakuntza lantaldeak ibilbide berriaren gogortasuna nabarmendu du, haren edertasuna azpimarratzeagaz batera: “Ea ibilbideak lasterketa polita dakarren”.
Euskaldun Txapelketaren lehen proba Caja Rural-Alea etxeko Diego Ruiz de Arkautek irabazi zuen; hura da torneoaren egungo liderra
Lehiaketa, abian.
Iragan asteburuan ekin zion tropelak Euskaldun Txapelketari: zapatuan [otsailak 22] Zumaiako Saria lehiatu zuten. Esprintean erabaki zen lasterketa, eta guztietan bizkorrena Caja Rural-Alea etxeko Diego Ruiz de Arkaute izan zen; podiumean lagun izan zituen Finisher-Kern Pharma taldeko Roger Pareta, bigarren postuan, eta Electro Alavesa-Zuia etxeko Nikolas Agirre. Ruiz de Arkauteri eta bere taldeari egokituko zaie, horrenbestez, lasterketaren ardura nagusia hartzea eta lidergoa Busturialdeko errepide zein bideetan defendatzea.