Mario Lopezen kontrako epaia "salbuespena" dela esan du Busturialdeko Itaiak
Busturialdeko Itaiako kideek Mario Lopezi ezarritako zigorra "aurrerapausotzat" duten arren, kasua "salbuespena" dela adierazi dute, "beste hainbat erasotzailek kalean jarraitzen dutelako". Horrez gain, erasotuari eta ingurukoei "babes osoa" adierazi diete.

Mario Lopez saskibaloiko entrenatzaile ohiari ezarritako hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorraren epaiaren aurrean, Busturialdeko Itaiak “babes osoa” adierazi die erasotuari eta haren ingurukoei. Sententzia “aurrerapausotzat” duten arren, “salbuespena” izan dela ere argi dute: “Badakigu hau salbuespena dela, eta beste mila erasotzailek kalean jarraitzen dutela, inpunitate osoz”.
Bere alde lerratzea “erasoaren parte izatea” dela azpimarratu dute: “Urte guzti hauetan zehar, erasotzaile hau gure kaleetan inpunitate osoz ibili da, kasua argitara irten eta gero ere bai. Eta, hau seinalatu duen oro, udalaren eta herriko bere konplizeen partetik seinalatua eta kriminalizatua izan da. Gernika klubean jakinaren gainean egon direnak, prebentzio neurriak hartu beharrean, gezurrak esanez ezkutatzen saiatu dira”.
Halaber, eraso bati aurre egiteko aukera desberdinak daudela nabarmendu dute, “nahiz eta askotan jendeak uste duen horri aurre egiteko bide bakarra” bide judiziala dela. “Kontuan izan behar dugu salaketa bat jartzeak ez duela beti erasotzailea zigortua izango denik bermatzen, ezta emakumeak bere bizitzarekin jarraitzeko baliabideak izatea bermatzen ere”, gaineratu dute, prozesu horietan jasan beharreko “ondorio psikologikoak, mediatizazioa, polizia etxeetako tratua” etabar luze bat adibidetzat jarriz.
Eraso guztiek erantzunak eta ondorioak izan behar dituztela berretsi dute; izan ere Itaiako kideentzatk ezinbestekoa da borroka alde judizialera bakarrik mugatu beharrean, “erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz”, kaleetan antolatzea: “Mugak argiak dira eta eraso guztiek erantzun eta ondorio bat izan behar dute, horiekin bukatu ahal izateko. Ezin dugu ahaztu Gernika-Lumon beste entrenatzaile erasotzaile bat dagoela”.