Mario Lopezen kontrako epaia "bermetzat" hartu du Gernika-Lumoko Sare Feministak
Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek azpimarratu dute "inpunitateak herria izan duela aurrez aurre".

Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohiari ezarritako hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorraren epaia herriarentzat “bermea” dela adierazi dute Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek: “Beti esan dugu epaitegietan ebazten zena ebazten zela ere, guk erasotua sinesten dugula eta berarekin gaudela, baita ere, justizia feminista baten alde gaudela, bermeak nahi ditugula eta, nahiz eta zigor punitibisten alde ez gauden, Lopez entrenatzaile roletik zein herritik at izatea berme bat da, behintzat ume eta emakumeontzat”.
Halaber, gogoratu dute “prozesu luze horretan zehar, erasotuarentzat indarberritzaileak” izan diren une batzuk egon direla. Horren erakusle dira, sarekideen hitzetan, batik bat, “2023ko abenduko lehen manifestazio jendetsua, 2024ko atxikimendu eta babes kanpaina eta epaitegi aurreko elkarretaratze zaratatsua”. Halaber, ume eta emakumeen aurkako indarkeria sexualaren aurrean “isiltasunagaz apurtu behar dela” nabarmendu dute, “inpunitateak herria aurrez aurre” izan duela goraipatuz.