Biztanleria atzerritarraren kopurua handitu egin da azken urtean
Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontuan hartuta, 65 atzerritar gehiago daude aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, beste herrialde batzuetako 2.895 pertsona daude erroldatuta.

Busturialdeko Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak —eskualdeko denak Bermeo izan ezik— kontuan hartuta, atzerritik heldutako biztanleen kopurua handitu egin da azken urtean, izan ere, 65 atzerritar gehiago zenbatu dituzte Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatekoek. Zehaztu dutenek, beste herrialde batzuetako 2.895 pertsona daude erroldatuta gaur gaurkoz, eta 2.830 ziren iaz.
Datu horiek kontutan hartuta, eskualdeko biztanleriaren %9,7 da atzerritarra: 79 herrialdetako 2.895 pertsona bizi dira Busturialdeko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan. Nabarmendu dute Espainiako nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontutan hartuz gero, ehuneko hori handiagoa dela: %11,5. Aipatu ehunekoa Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Espainiakoa baino baxuagoa da, horietan hurrenez hurren %13,5 eta %18,1 baititra atzerritarrak.
Mankomunitateko arduradunek azaldu legez, kontuan hartu behar da “gero eta etorkin gehiagok” jasotzen dutela espainiar nazionalitatea, batez ere Hego Amerikatik iritsitakoek. Horrenbestez, nahiz eta eskualdean bizi, ez dira atzerritar modura ageri datuetan. Iaz, esaterako, eskualdeko 74 atzerritarrek jaso zuten nazionalitatea. “Ondorioz, 2.895 pertsona horiei nazionalitatea jaso dutenak gehitu behar zaizkie”, diote, eta zehaztu dute hori 557 lagunek jaso dutela 2013az geroztik. Espainiako nazionalitatea jasi duen biztanleria atzerritarrari dagokionez, boliviarrak dira nazionalitate gehien lortu dituztenak (58); horien ostean, argentinarrak (44), venezuelarrak (38), kolonbiarrak (38), kubatarrak (33), brasildarrak (32) eta marokoarrak (27) daude. Hala, eskualdeko 3.452 pertsona baino gehiago beste herrialde batzuetan jaio dira.
Mankomunitateak biltzen dituen hemeretzi udalerrietan bizi diren atzerritarren artean, %56,6 dira Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorritakoak (1.638), eta Europar Batasunetik etorritako 1.257 biztanleetatik %84,5 dira errumaniarrak. 1.063 dira aurten, eta 1.082 ziren iaz.
Errumaniarrez gain, eskualdean aurki daitezkeen nazionalitaterik ugarienak dira marokoarra (167), nikaraguarra (144), brasildarra (129), kolonbiarra (129), argentinarra (120) eta ukrainarra (92). Nabarmentzekoa da iaz Kolonbiatik, Perutik eta Nikaraguatik etorritako pertsonen hazkundea: 28, 18 eta 14 lagun bertaratu ziren, hurrenez hurren.
Jatorrizko kontinenteen arabera, eskualdeko populazio atzerritarraren %51 Europatik dator, %32 Amerikatik, %12 Afrikatik eta %5 Asiatik. Emakumeak, berriz, eskualdeko etorkinen %48,9 dira.
Gehienak Gernikan.
Mankomunitateko udalerrietan bizi diren atzerritarren gehiengoa, %75,5, Gernika-Lumon bizi da: 2.186 lagun zehatz esateko, duela urtebete baino 29 pertsona gehiago. Horiek udalerriko biztanleriaren %12,7 osatzen dute, eta espainiar nazionalitatea jaso dutenen kopurua kontutan hartuz gero, hazi egiten da portzentaia, %15era iritsi arte (2.588 pertsona).
Nabarmentzekoak dira, baita ere, Busturiako, Gautegiz Arteagako, Foruko eta Mundakako datuak. Izan ere, herri horietan nabarmen igo da kanpotik etorritako herritarren kopurua urtebetan. Iaz baino hamazazpi atzerritar gehiago zenbatu dituzte Busturian, hamabosna Foruan eta Mundakan eta hamabi Gautegiz Arteagan. Kortezubin eta Mendatan lau gehiago zenbatu dituzte, eta hiru Ereñon.
Aldiz, kontrako joera ere izan da zenbait herritan, Esaterako, Ean iaz baino hamabi atzerritar gutxiago bizi dira aurten, sei gutxiago dira Elantxoben, eta bost Sukarrietan. Ibarrangelun eta Ajangizen ere lau eta hiru atzerritar gutxiago zenbatu dituzte aurten.