Errepresio frankistak herritarrengan izandako eragina aztertuko du Aranzadik
Muxikako Udalak eta Aranzadik hitzarmena sinatu dute, herritarrek frankismoan jasandako errepresioari buruzko ikerketa egiteko. Bizpahiru urteko proiektua izango da, eta aste honetan hasiko dira herritarren testigantzak jasotzen; eguenean udal liburutegian jarri dute hitzordua.

Frankismo garaian Muxikan, Ibarrurin eta Gorozikan herritarrek jasandako errepresioari buruzko ikerketa egingo du Aranzadik, Muxikako Udalak eta zientzia elkarteak horretarako sinatutako hitzarmena dela-eta. Eguenean (otsailak 27) hasiko dira oroimen bulegoan testigantzak jasotzen.
Ikerketa lana bizpahiru urtekoa izango da, eta udalerrian errepresioa jasan zuten herritarrekin datu base bat sortzea izango du helburu, gero, oroimen webgunea sortzeko; hain zuzen ere, horretan jasoko dituzte pertsona horien datuak. Gainera, ikerketak iraun bitartean, hainbat hitzaldi eta aurkezpen egingo dituzte, ateratzen diren emaitzak herritarrei ezagutarazten joateko.
Muxikako Udalak gaia “modu sakonean” eta adituekin aztertzeko gogoa eduki duela azpimarratu zuen Roke Ojanguren zinegotziak egueneko aurkezpenean, baina aurretik herritarrek egindako memoria historikoa berreskuratzeko lana eskertu zuen: “Muxikan, Ibarrurin eta Gorozikan jende asko ibili da memoria historikoa lantzen, eta horien lanari aitortza egin gura diogu, ze lan horri esker ikerketa hau ez da zerotik hasiko”.
Hala, Javier Buces eta Maria Laespada Aranzadiko historialariek udalari eskertu zioten memoria historikoa “berreskuratzeko konpromisoa” izatea, eta udalerrian 36ko gerran eta frankismo garaian gertatu zenari buruzko egia bilatuko dutela azpimarratu zuten. “Uste dugu biolentziaren biktima guztiek eskubide batzuk dituztela: egia, justizia eta erreparazioa. Eta, guk, historialari modura, egia hori bilatuko dugu, ikertuko dugu”, onartu zuen Bucesek.
Eta nola egingo dute hori? Metodologia zientifikoa erabilita. Hala, hainbat artxibo kontsultatuko dituzte, errepresio frankista bizi izan zuten biktimen izen-abizenak identifikatuz, baina ezinbestekoa izango dute herritarren partaidetza; izan ere, errepresioari buruzko egia asko ez dira dokumentuetan aurkitzen. Horretarako, testigantzak ezinbesteko tresna dira. “Helburua ez da gerra kontatzea, biktimak identifikatzea baizik. Badakigu zer gertatu zen Euskal Herrian, kontatu digute gerra, baina falta da jakitea nortzuk izan ziren biktimak”, esan zuen Bucesek.
Hala, errepresio frankistari buruzko zenbait datu kaleratu zituzten, horietako hainbatetan fokua jarrita. Izan ere, frankismoari buruzko hiru ebidentzia azpimarratu zituzten, “gaur egun zalantzan jartzen direnak”. Hala, frankismoa bakarra izan zela gogoratu zuten: “Diktadura bakarra izan zen, oso luzea, gutxienez lau hamarkadakoa. Franco hil zenean ez zen frankismoa amaitu, eta 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean ere ez zen amaitu frankismoa. Ez. Aldatu ziren bere diskurtsoak, ekonomian zuen presentzia… baina askatasun ezak edota frankismoaren printzipio eta helburuak mantendu egin ziren”.
Horrez gain, frankismoaren errepresioa frankismoaren aurkako ekintzena baino “bortitzagoa” izan zela nabarmendu zuten: “Estatu batek, bere aparatu judizial eta polizialarekin, sufrimendu gehiago eragin zuen gizartean frankismoaren aurkakoak eragin zuena baino”. Gainera, diktaduraren aurkako talde guztiak, frankismoaren aurka egon zirenak, mugimendu antifrankistaren parte izan zirela gogoratu zuten: anarkistak, komunistak, independentistak… “Denak batu ziren antifrankismoaren mugimenduan. Hain zuzen ere, batu zirenean, antifrankismoak indarra hartu zuen”.
Frankismo osoan gertatutakoa.
Hain zuzen ere, Aranzadikoek frankismoak bere osotasunean Muxikan, Ibarrurin eta Gorozikan izan zuen eragina aztertuko dute. Hasieratik hasita. Hala, gerra eta gerraostetik hasiko dira. Aranzadikoen datuen arabera, gerran eta gerraostean abiazio frankistak 1.363 euskaldun hil zituen; 895 fusilatu zituzten heriotza zigorrera kondenatu ostean; 1.130 pertsona fusilatu zituzten, epaiz kanpo; 2.252 izan ziren espetxean hildakoak; eta, 120.000 euskaldunek ihes egin zuten Frantziara. Presoei dagokienez, 20.000 espetxe fitxa aurkitu dituzte.
Horiek guztiak gizadiaren aurkako krimen modura hartu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, zer suposatzen du horrek? Ez dutela preskribatzen. “Baina horiek 1945era arteko krimenak dira, eta, ostekoak ez dira gizadiaren aurkako krimenetzat jo”, jakinarazi zuten. Hala, Bigarren Mundu Gerraren ostean, frankismoaren aurkako oposizioa lurperatuta edo exilioan zegoen Euskal Herrian zein bertan zeudenak “isilik zeuden, izututa”. Hala, 1945etik 1960ra bitartean, errepresio zuzena aztertzeko dokumentazio “gutxi” dagoela esan zuten Aranzadikoek. Hala ere, garai horretan zeharkako errepresioa zegoela azpimarratu zuten: euskararen aurkakoa, emakumearen rola zehazten zuena, kartzelatik atera zirenen egoera… Eta, gogoratu zuten zeharkako errepresio hori dokumentatzeko “oso garrantzitsua” dela testigantzak jasotzea. “Gerra kontseiluen datuak hor daude: nortzuk atxilotu zituzten, ze delitupean, zenbat urterako… Baina, zer zen frankismoan bizitzea garai hartan? Oposizioa desagertu zenean?”, galdegin zuten Aranzadikoek, eta lanketa hori egiteko konpromisoa hartu zuten.
Hain zuzen ere, 60. hamarkadako testuingurua ere izan zuten aztergai. Garai horretan, belaunaldi berri bat iritsi zen lantokietara, unibertsitatera edo elkarteetara, eta belaunaldi horrek ez zuen gerra eta gerraosteko lehen errepresio gogor hori ezagutu; hori sufritu zutenen sema-alabak ziren: “Belaunaldi hori hasi zen beldurra galtzen, eta hasi ziren mobilizazioak”.
Eta, Aranzadikoen berbetan, bi faktore garrantzitsu nabarmendu ziren: aldarrikapen nazionala eta soziala. “Belaunaldi hori euskal nortasuna berreskuratzeko prest zegoen: euskal nazionalismo berritua, bere hizkuntza, kultura… Hala, sektore batzuetan, nazio askapena berreskuratzeko interesa zegoen. Beste alde batetik, Euskal Herria herrialde industriala zen, eta langileak mobilizatzen hasi ziren, baldintza hobeen alde. Bi faktore horiek batu zirenean, frankismoaren aurkako oposizio indartsuena hemen zegoen, eta hori diote dokumentuek. Frankistek ere esaten zuten hemen zegoela oposizio indartsuena, eta ez zela hori gerra garaitik ikusten”, azaldu zuen Bucesek.
Hori horrela, frankismoaren aurkako oposizio indartsuena Euskal Herrian zegoenez, errepresio “gogorrena” ere bertan zegoela esan zuten Aranzadikoek: “Bueltatu zen errepresio gogorrena, gerra eta gerraosteko errepresio zuzena (hilketak, torturak, espetxea, esbestealdia). 1945etik aurrera “desagertu” zen hori, berriro hasi zen 70. hamarkadan”. Eta, hori zenbait datuk islatzen dutela adierazi zuten: “Sententzia gehienak Hego Euskal Herrian izan ziren; 1960tik 1974ra bitartean, 900 gerra-kontseilu egin ziren bertan, eta estatuaren biktima gehienak, hildakoak, hemengoak dira; 60ko hamarkadatik Franco hil arte hamabost pertsona hil zituzten Bizkaian eta hamabost Gipuzkoan, eta gehienak ez ziren militante edo ETAko militanteak izan, zibilak ziren. Horrez gain, 1956tik Franco hil arte 11 salbuespen egoera ezarri zituzten estatu osoan, gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan. Ze suposatzen du horrek? Atxiloketa indiskriminatuak, torturak, hilketak… izan zirela”.
Ikerlariek gogoratu bezala, torturak dokumentatzeko ez dute txosten edota dokumentaziorik: “Arrasto bakarra testigantzak dira. Kasu batzuetan, argazkiak ere badaude, baina oso gutxi. Batzuetan biktimak ez dira akordatzen zein egunetan torturatu zituzten, zenbat denboraz, eta, ondorioz, artxiboa kontsultatu behar dugu. Guardia Zibilen txostenetan daude datuak, baina kontsultatzeko arazoak egoten dira”. Hala, saiatuko dira informazioa bilatzen, nahiz eta zailtasunak dauden 60ko hamarkadatik aurrera gertatutakoa ikertzeko.
Hurbilketa udalerrira.
36ko gerran bi joera nagusitu ziren, Laespadak gogoratu zuenez: Bizkaia eta Gipuzkoan errepublikoaren bandoan zeuden, eta Araba eta Nafarroa matxinatuenean. “Gipuzkoan gerra oso arin joan zen, eta 1936ko irailerako gerra Bizkaiko mugan zegoen. Urrian Euzko Gudarostea antolatu eta Burdin Hesia eraikuntzan aritu ziren Bilbon. Eta, martxoan eta apirilean ezagunak diren bonbardaketak eman ziren, Durangon eta Gernika-Lumon”, esan zuen ikerlariak. Baina bonbardaketak ez ziren herri horietara mugatu; esaterako, gaur egun Muxikak, Gorozikak eta Ibarrurik hartzen duten eremuan, 21 bonbardaketa gertatu ziren; eta, aipagarriena da 1937ko maiatzaren 8tik 16ra, zortzi egunez, egunero bonbardatua zutela udalerria: “36ko gerran, herri honetan gerra egon zen, eta hemengo herritarrek gerraren gogortasuna pairatu zuten”.
1937ko udan, baina, Bizkaia osoa frankisten esku geratu zen, diktadurari eta honen errepresioari hasiera emanez. Hala, errepresioak hainbat aurpegi izan zituela nabarmendu zuen ikerlariak, “jazartzeko moduak aldatu” zituela esanez. “Baina lehenengo egunetik, demokratikoki hautatutako udalbatzak aldatu zituzten, kaleen izenak aldatu zituzten, euskarazko kartelak debekatu zituzten, eta langile publikoen kaleratzeak bultzatu zituzten”. Eta, kaleratzeen artean, ajangiztar baten kaleratzea dokumentatuta dute Aranzadikoek: Batzarretxeko lorezaina zen Tomas Zarrandikoetxea Izpizuarena.
Baina muxikarrak ere ageri dira dagoeneko bilduta duten dokumentazioetan. Izan ere, Donostiako udal artxiboan, erroldaren orri bat dirudien batean, Zapatariko kartzelari buruzko informazioa dago gordeta, eta hor aurki daiteke Ibarrurin jaio zen baten presentzia. Ferroleko artxibo militarrean, bestalde, muxikako emakume baten kasua ageri da: emakume abertzale izatearren eta altxamenduaren kontrako propaganda egitearren epaitu zuten, sei urteko kartzela zigorra ezarriz.
Epaiketak ez ziren 1945ean amaitu, epaitzeko bide berriak asmatu baitziren, Aranzadikoen berbetan: Ordena Publikoko Auzitegiak: “Horietako batean, Ibarruriko bi bizilagun eta Muxikako zortzi epaitu zituztela ageri da”.
Ikerketa.
Guzti hori ikertzeko, hainbat dokumentazio iturri aztertuko dituztela jakinarazi zuen Laespadak: era guztietako artxiboak, tartean Muxikako, Gorozikako, Ibarruriko eta Durangoko udal artxiboak; lurralde-artxiboak, Euskadiko Artxibo Historikoa; Sabino Arana Fundazioa; edota gaikako artxiboak, militarra edo administraziokoa, kasu.
Horrez gain, hemerotekara ere joko dute; hau da, prentsan idatzitakoa, BOEn jasotako edota bestelako idatzizko iturriak kontsultatuko dituzte. “Iturri horien artean, dagoeneko argitaratuta daudenak artikuluak, liburuak edo txostenak onak izaten dira. Horiek berrikusi eta aztertuko ditugu berriro. Lan horren baitan sartzen da hemengo bizilagunek urteetan egindako jarduna aztertzea ere”, onartu zuen Laespadak.
Baliagarriak dira baita ere argazki funtsak, herriak nolakoak ziren ezagutzeko, eta, azkenik, lehenago aipatu legez, testigantzen garrantzia aipatu zuten Aranzadikoek. “Tokiko historia ikertzea da gure asmoa, eta horretarako, dokumetuetan jasotzen ez diren urraketa edo errepresioa ezagutzeko modurik onena da bizitakoek edo bizi zuten horien ondorengoek guri kontatzea da”, esan zuen Laespadak. Hala, oroimen bulegora bertaratzeko deia egin zien herritarrei, testigantzak jasotzeko, zalantzak argitzeko, informazioa biltzeko edota eskaintzeko aukera delako. Oroimen bulego hori otsailaren 27an, martxoaren 6an 13an eta 20an egongo da Zubieta Errota liburutegian, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara arteko ordutegian: “Ez dago kontsulta okerrik. Ez da zertan etorri behar informazioa ematera, informazio eske ere hurbil daiteke”.