2.015 kilo, "errefuxiatuak bizi daitezen"
Besalde Elkarteak Euskal Karabanarako 2.015 kilo jaki eta elikagaiak erosteko 740 euro bildu ditu. Kanpainaren 21. aldian herritarren erantzunagaz "oso pozik" agertu dira elkartekoak.

Besalde (Bermeo Sahararen Alde) elkarteak Sahararen Lagunen Elkarteen Federazioak koordinakundeak eta Saharar Ilargi Erdu Gorriakek Sahararen aldeko Euskal Karabana: Piztu Itxaropenakin bat egin du, beste urte batez. Urtarrilean ekin zioten Sahararen aldeko janari-bilketari, eta asteburuan “kate solidarioan” bildutakoak antolatu eta zenbatu ostean, Euskal Karabanaren 21. aldian bildutakoa jakinarazi dute: Busturialdean zehar 2.015 kilo jaki batu dituzte, aurreko urtean baino 700 kilo gutxiago.
Aurreko urteetan egin bezala, eskualdeko hezkuntza-zentroetan zentratu dute kanpaina, baina Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetan ere bildu dituzte jakiak Besaldekoek. 21. Euskal Karabanarako kanpainari ekin ziotenean, “ahalik eta elikagai gehien” biltzearen garrantzia azpimarratu zuten Besaldekoak, “errefuxiatuak bizi daitezen”. Zehaztu zutenez, basamortu horretan erakunde ta herriek bidalitako laguntzarekin baino ez dira bizi”. Kanpaina bukatuta, herritarren erantzunagaz “oso pozik” agertu dira elkartekoak, kanpaina “bikain” atera dela nabarmenduta: “Besalde Elkartekoak oso-oso pzik gaude herritarren erantzunarekin eta herriak izan duen eskuzabaltasuna eskertu nahi dugu”.

Argazkia: Besalde
Jakiak biltzeaz gain, ekarpen ekonomikoak eta osasun materiala ere bildu dituzte: 740 euro elikagaiak erosteko eta 68 kilo (8 kaxa) osasun material, aurreko urtean baino 31 kilo gehiago. Horrez gain, aurreko urteetan egin bezala, Bermeoko Udalak 4.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin du.
Kanpainan parte hartu duten partikular, talde, arrain fabrika, entitate, udal, komunikabide eta hezkuntza zentroei “eskerrik beroenak” eman nahi izan dizkie elkartekideek. Horrez gain, parrokien, “eta bereziki San Frantzisko komunitatea” eskertu dituzte, bilketa egiteko lokala uzteagatik. “Eskerrik asko baldintza gogorretan munduan ahaztuta eta abandonaturik bizi diren 200.000 sahararren sufrimenduarekin duzuen solidaritateagarik”, adierazi dute.
Busturialdean bildutako guztia Ugaoko biltegira eraman zuten zapatuan [otsailak 22], eta egun zehatza jakinarazi ez badute ere, martxoaren hasieran abiatuko da Alacanterantz. Aurten, lehenengoz, Euskal Karabana Durangotik aterako da.