Ginkanarekin amaitu dute 'Tik Tak Tok' astea
Pantailen erabilera egokia sustatzeko murgildu da aste honetan zehar San Frantzisko Herri Ikastetxea 'Tik Tak Tok' astean; astelehenean (otsailak 17) eman diote hasiera, eta ginkanarekin amaitu dute gaur (otsailak 22). Ikasleez gain, irakasle eta gurasoek ere parte hartu dute ekimenean.

Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxea Tik Tak Tok astean murgildu da aste betez. Izan ere, astelehenean (otsailak 17) eman zioten ekimenari hasiera 3. eta 6. maila bitarteko ikasleek, eta gaur (otsailak 22), aldiz, amaiera eman diote ginkanaz gozatuz. Ikasleak, irakasleak eta gurasoak izan dira, gainera, gaur goizeko protagonista Herri Ikastetxean. Aste hau aurrera eramatearen helburua argia da, oro har: denon artean ikaskuntza komunitatea sortzea eta pantailen erabilera egokia sustatzea. Ildo horretatik jarri diote izena programari ere, udal gobernuaren hitzetan: “TikTok sare sozialetik, Tik Tak erlojuaren soinutik, eta TIC/IKT-tik dator izena, izan ere, proiektuaren helburua pantailen erabilera egokia sustatzea da”.
Azaldu dutenez, aste hau, San Frantzisko Herri Ikastetxearen, Familia Elkartearen eta Bermeoko Udalaren arteko lankidetzari esker jorratutako ekimena izan da. Udaletik azaldu dutenez, programa pilotua da, “ikastetxearen eskaera zehatz bati erantzuna emanez”. Hala, Bermeoko Udalaren gazteria sailetik azaldu dutenez, San Frantzisko Herri Ikastetxea Bermeoko Udalaren Adikzioak Prebenitzeko Zerbitzuarekin eta kale hezitzailearekin harremanetan jarri zen, zerbait berritzailea egin nahi zutela esanez.
Helburua oso presente izan dute ikastetxean, beregain, aste guztian zehar. Horren erakusle izan dira egunotan tailerren bidez landutako gai desberdinak, besteak beste. Gaur, alegia, asteari amaiera emateko asmoz batu dira irakasle, guraso zein ikasleak Herri Ikastetxeko jolastokian, ginkana batetaz gozatuz. Horretan, nabarmendu dutenez, aste honetan zehar ikasleek egindako tailer zein landutako gai guztiak erakutsi dituzte, “landutako guztia bateratzeko”.
Gauzak horrela, Bermeoko kale hezitzailea eta Adikzioen Prebentziorako teknikariak arduratu dira proiektua gidatzeaz, Bermeoko Adikzioen prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatzen del¡n proiektua delako. Udalbatzak azaldu du, astearen balorazioa egingo dela, “honelako ekimenei jarraipena emateko asmoz”.























































