Lurgorriko eta Institutuko gauetako tren zerbitzua indartzea lortu du Itaiak
2022a geroztik jardun dute borrokan Busturialdeko Itaiako kideek, Gernika-Lumon gauetako tren zerbitzua indartzea lortzeko asmoz. Jakinarazi dutenez, astelehenetik (otsailak 24) aurrera, zapatu gauetako trena Lurgorrin eta Institutuan ere geldituko da.
Orain arte, gauetan, Gernika-Lumoko hiru tren geltokietatik batean bakarrik gelditzen zen trena; Geralekuan, eta horrek, etxera oinez egin beharreko ibilbidea luzatzea eta “babesgabetasun egoera handitzea” eragiten duela salatu izan du Busturialdeko Itaiak behin baino gehiagotan. Hori dela eta, Euskotreni eta Gernika-Lumoko Udalari, Lurgorriko eta Institutuko geltokietako zerbitzua indartzeko eta bermatzeko eskatzen jardun dute 2022a geroztik.
Eskaerak ez zuen erantzunik jaso, esan dutenez, eta horren harira hasi zuten borroka. “Borroka horretan, 2.000 sinaduratik gora bildu genituen. Horrez gain, herriko 40 tabernen inplikazioa, mobilizazioa, propaganda, eta abar luze bat ere eraman genituen aurrera”. Momentu horretan egindako presioak “prezedente bat” markatu zuen borrokan, Itaiaren hitzetan. Izan ere, atzo (otsailak 20) jakin zuten, astelehenetik (otsailak 24) aurrera, zapatu gauetako trena Lurgorrin eta Institutuan ere geldituko dela.
Momentu horretan egindako lanak eta jendearen inplikazioak “fruituak eman” dituela nabarmendu du Busturialdeko Itaiak, oro har. Hala, emakumeen interesak defendatzeko helburuz, Itaiakoek uste dute, emakume langileen antolakuntza independentea garatzea beharrezkoa dela: “Argi geratzen da aurrerapausuak lortzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dela, eta horretan jarraituko dugu”.