Odol emateek gorakada nabarmena izan dute Busturialdean
2023az alderatuta, 209 odol emate gehiago zenbatu zituzten eskualdean iaz: 1.607 odol emate, hain zuzen ere. Eskualdean, Gernika-Lumon eman dute odola gehien, 1.077 aldiz. Odolkideek diote iazko urtea "emankorra" izan zela, eta plasmaferesiaren bidezko odol ematearen hazkundea nabarmendu dute.

Odol emate kopuruak gora egin du Busturialdean, izan ere, 2023an baino 209 odol emate gehiago zenbatu zituzten iaz eskualdeko herrietan: 1.607. Zehatz esateko, 2023an 1.398 izan ziren eskualdean egindako odol emateak, baina iaz gora egin zuen kopuruak; datuen arabera, 1.077 odol emate zenbatu zituzten Gernika-Lumon, 445 Bermeon, 44 Mundakan, 33 eskualdeko fabriketan (25 Maierren eta 8 Losalen) eta 8 Arratzun.
Eta eskualdean gertatutakoaren joera berdina mantendu da Gernika-Lumon. Izan ere, 2023an baino 122 odol emate gehiago zenbatu ziren iaz, hau da, autobusean odola ematen dutenen kopurua %12,77 igo zen, milako mailatik gora mantenduz odol emateak udalerrian. Gernika-Lumoko Odolkideak elkartekoek diotenez, datuak gorabeheratsuak izan dira azken urteetan, baina beti ibili izan dira 1.000 odol ematetik 1.450 odol emateko tartean: “Aspaldiko urteetakoen artean, 2004koak dira goipuntakoak (1.438). Baina azken urteetan odol emate kopuruan gorabeherak egon arren, beti ibili izan dira 1.000ko langatik gora. Eta, aurten, neurri hori berreskuratu dugu, iazko 955 odol emateak gaindituz”.
Autobusa hileroko lehen astelehen bietan egoten da Foruen plazan, eta hiru hilerik behin hileko lehen zapatuan. Hala ere, iaz ekainaren 14an eta 15ean aparteko deialdiak egin ziren, orduko elkartasun olatuari erantzuteko.
Gernikako odol ematearen kasuari erreparatuta, nabarmentzekoa da iaz izandako odol emaile berrien kopurua; izan ere, 35 odol emaile berri zenbatu zituzten 2023an, eta 117 izan ziren iaz. Hori, ekaineko elkartasun olatuari zuzen-zuzenean lotuta dagoela diote. Hala ere, orain fideltasuna lortu beharra dagoela azpimarratu dute Gernika-Lumoko Odolkideak elkartekoek: “Berriztea garrantzia handiakoa eta ezinbestekoa da odol ematearen iraunkortasunerako. Normalean gazteenak izaten dira odol emaile berriak eta ibilbide luzekoak izango direnak”.
Izan ere, gizartearen zahartzeagaz batera, emaileak ere zahartu egiten dira. Halandaze, odol emaile berriak behar direla diote Odolkideek, belaunaldien ordezkatzea derrigorrezkoa dela aipatuta. Hala, Odolkideak elkarteak herritarrak gonbidatu ditu odola ematera hurreratzeko: “Gure gaixoen, gure osasun sistemaren eta gizartearen on beharrean, hurreratu. Eta eskerrik asko iaz autobusera hurbildu eta odola eman zenuten guztiei. Aurten ez daitela gutxiago izan, odola ematea ezinbestekoa da-eta”.
Bizilekuaren arabera.
Gernikatik harago ere, badaude odola emateko beste ordezkaritza batzuk, eta eskualdeko odol emaileek euren behar eta ohituren arabera, beste leku horietan ere ematen dute odola. Gernikan ematen duten gehienak gernikarra-lumotarrak dira, baina badaude beste herrietakoak ere. Hala, emoileen bizilekuaren arabera, eskualdeko odol emaile gehienak gernika-lumotarrak dira: 837 izan ziren iaz, 2023an baino 203 gehiago.
Hala, OMEk autosufizientzia bermatzeko ematen duen gomendioa “sobera” betetzen dela udalerrian diote Odolkideek: “Gaur egun Gernika-Lumoko bizilagunen emateak 837 izanda, OMEk autosufizientzia bermatzeko ematen duen gomendioa betetzen dugu; izan ere, 1.000 biztanleko 37 edo 38 pertsonatan kokatzen du kopuru hori, eta udalerriko batez bestekoa 1.000 pertsonako 49,22 odol ematera ailegatzen da. Autosufizientziako helburua garrantzitsua da eta gurean hortik gora ere ematen dugu odola”.
Aferesia.
Eskualdeotan jarritako autobusetan odola emateaz gain, aferesiaren bidez odola emateko aukera ere badago, eta horrela egin dute Busturialdeko 27 aferesi odol emaileek Usansolon: gernikarrek aferesiaren bidezko 32 odol emate egin dituzte, muruetarrek zortzi, muxikarrek 7, morgarrek 6 ibarrangelutarrek 3, elantxobetarrek 2 eta busturitarrek, eta arratzuarrek bat. Hala, aurreko urteko datuekin alderatuta, plasmaferesiak nabarmen egin du gora, 25 ematetik 60ra pasatuz. “Iazko martxoan kanpaina berezia egin zen eskualde osoan emaile arrunten artean, eta gure ustez, hemen ditugu haren ondorioak”, esan dute Odolkideek.
Zehaztu dutenez aferesi bidezko odol emateak odoleko osagai bat edo bat baino gehiago berariaz ematea dakar; hau da, odoleko osagairen baten kopuru handiagoa lortzea ahalbidetzen du, gaixotasun zehatzentzat. Horrek emaileen konpromiso “handiagoa” eskatzen du —denbora gehiago behar da, aurretiaz ordua eskatu behar da—, eta baldintzak ere bereziak —zanak egokiak izatea, esaterako— dira.
Odolkideek diotenez, gerora begira, plasma ematea “gero eta garrantzitsuagoa” izango da, beharrizan sanitarioetarako egokiagoa delako. “Odola emateko betiko era Europa osoan aldatzeko bidean dago: odolaren erabileran beharrizan asko eta asko onkologia botika eta hemoderibatuak dira. Horren ondorioz, plasmaferesiak aparteko indarra hartu eta hartuko du, eta gaur-gaurkoz uste da bihar edo etzi hori garrantzitsuagoa izango dela, hobeto aprobetxatzen baita odola bera”.
Gernika-Lumo mailan, beraz, iazkoa urte “emankorra” izan zela diote Odolkideek, bai odol osoan (autobusean ematen dana) bai plasmaferesiaren bidez emandako kopuruan.
Busturialdean odola emateek gora egin dute, baina bestelako joera dago Bizkaian. Izan ere, 30.706 odol emate zenbatu zituzten iaz, eta 34.349 odol emate izan ziren 2023an; hau da, %11,58koa izan da jaitsiera Bizkaian. Joera bera mantendu da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, izan ere, guztira 68.415 odol emate zenbatu zituzten iaz lurralde horietan, 2023ko 78.064 odol emateen aurrean; alegia, %6,75ekoa izan da jaitsiera.