Ikasitakoak oholtzaratzeko momentua
Bermeoko Udalaren musika eskolak 'Musikaren Olatuak' kontzertu zikloa eskainiko du astelehenetik [otsailak 24] eguaztenera [otsailak 26], eskolako audizio gelan.

Bermeoko udal musika eskolak Musikaren Olatuak kontzertu zikloa antolatu du datorren asterarako. Astelehenean [otsaila 24] hasi eta eguaztenera [otsailak 26] bitartean, musika eskolan instrumenturen bat jotzen ikasten ari diren 80 ikasle gazte zein helduek kontzertuak eskainiko dituzte eskolako audizio gelan.
Astelehenean bateria eta flauta ikasleen txanda izango da, eta hitzordua 19:00etan jarri dute. Martitzena, berriz, piano, txelo, saxo, gitarra elektrika, baxu, gitarra, biolin eta triki-pandero ikasten ari direnen eguna izango da, eta bi saio eskainiko dituzte, 18:00etan eta 18:45ean. Musikaren Olatuaken azken egunean flauta, txistu eta piano ikasleak igoko dira oholtzara, 19:00etan hasita.
Musika eskolara bertaratzen direnek “euskal musikaren melodiak” entzuteko aukera izango dutela iragarri dute, hala nola Berri Txarrak, ETS, Zea Mays, Korrontzi, Ken Zazpi, J.M. Beltran, Mikel Laboa edota Xabier Leterenak. Emakume musikarien lanak ere entzuteko aukera egongo dela azpimarratu gura izan dute, besteak beste Maixa eta Ixiar, Esti Markez eta Katy Blaxwellek sortutakoak. Era berean, kontzertu zikloak “sormenean landutako lanak” aurkezteko aukera eskainiko die ikasle batzuei; zehazki, lau izango dira aurkeztuko dituzten kantuak.
Bermeoko Udalak Musikaren Olatuak kontzertu ziklora hurbiltzeko gonbidapena luzatu die herritar guztiei, “herriko musikarie lanak ezagutzeko eta zuzeneko musikaz disfrutatzeko aukera egongo baita”.
Piano Topaketa.
Euskal Herriko Musika eta Dantza Elkarteak antolatuta, Getxoko Andres Isasi aretoak Piano Topaketa hartuko du domekan [otsailak 23], eta bertan izango dira Bermeoko musika eskolako bost ikasle. Eskolatik jakinarazi dutenez, “ilusio handiz” parte harte hartuko dute topaketan, bertan bilduko diren entzuleei ikasitakoa erakusteko gogotsu baitaude.