Bost proiektu nagusi dituen aurrekontua onartu du Foruko Udalak
Foruko Udalak 2025erako finkatutako helburuekin "aurrera" egitea ahalbideratu dion 1.305.268,64 euroko aurrekontua onartu du. Nortasuna, euskara eta kultura alorrean etorkizuneko kultur etxe berriaren "proiektu ilusionagarria" azpimarratu dute.
Foruko Udalak “arreta nortasunean, kulturan, euskaran eta jasangarritasunean” jartzen duen 1.305.268,64 euroko aurrekontua onartu du 2025. urterako. Mikel Magunazelaia Foruko alkateak azaldu duenez, udalerriak “inoiz izan duen aurrekonturik jasangarriena” onartu dute: “Gure udala egoera ekonomiko oso onean dago, eta diru publikoa kudeatzeko dugun modu arduratsu, zuzen eta gardenagaz jarraituko dugu”.
Magunazelaiak zehaztu duenez, 2025erako aurrekontuagaz beraien helburuekin “aurrera” egiten jarraituko dute: “Gizarte-ongizatea, berdintasuna, jasangarritasuna, gure kultura-nortasuna zaindu eta bere garapena bermatzea, euskararen aldeko apustua egiten jarraitzea, eta inbertsio berriak planteatzea, etorkizuna eraikitzeko eta etortzeke dauden erronkei aurre egiteko”.
Inbertsioen atala, izan ere, 380.500 eurokoa da, eta bost proiektu nagusitan banatzen da: etorkizuneko kultur etxe berriaren proiektua, gazteentzako eta herriko familientzako etxabizitzak eraikitzeko Mqaltako eraikineko lursailaren erosketa, eraginkortasun energetikoa (argiztapen publikoaren berrikuntzagaz), garraio publikoaren hobekuntzak eta herriko jasangarritasun planagaz jarraitzea, “herritarren parte-hartzeagaz”.
Jasangarritasuna, ildo nagusi.
Udaletik azpimarratu dutenez, jasangarritasuna da Foruak eman beharreko pausoak adierazten dituen ildo nagusietako bat. Arlo horretan 132.000 euroko “inbertsio globala” egingo dute, lau ardatz jarraituz: energia, natura eta ingurumena, lurraren osasuna eta Naturan Oinarritutako Soluzioak (NBS). Magunazelaiak energia eraginkortasunari dagokionez egindako “bide luzea” azpimarratu du: “Autokontsumoa instalatu dugu, energia berriztagarrien instalazioa sustatzen dugu herritarrentzako hobariekin, ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuak instalatu ditugu, energia berdea erosi eta aurrezten dugu…”. Azpimarratu duenez, “gai jasangarri askotan eskualdeko lehenak eta inguruko beste udal batzuentzat jarraitu beharreko eredua” izan dira, eta bide horretan jarraituko dutela iragarri du. Jasangarritasunaren esparruan, energia komunitate baten sorrera sustatuko dutela azpimarratu du alkateak. Horrez gain, auzoetan postontziak berrituko dituztela jakinarazi du.
Natura eta ingurumenari dagokionez, helburua lursailak “zuhaitz autoktonoekin birpopulatzea” da. Horretarako, hilerriaren ondoko udal-jabetzako lursaila “garbitu eta birpopulatzea” aurreikusi dute. Gainera, 2025ean zehar, Ichosell proiektu europarraren barruan eta herritarren parte hartzeagaz, lursoruaren osasunagaz lotutako jarduerak egingo dituztela iragarri du. Naturan Oinarritutako Soluzioen ildotik, Uragaz elkarlanean arituko dira Oinarreberriko ingurua birnaturalizatzeko proiektuan, “errekak sortutako arazoak saihesteko”.
Mugikortasuna eta garraio publikoa ere “futnsezko faktoreak” dira Foruarentzat, horregatik, udalak Torrebarriko autobus geralekua berriztu eta egokituko du. Horrez gain, tren geralekuko aparkalekua ere egokituko dute, “trenaren erabilera eta bizi eredu jasangarriagoa sustatzeko”.
Agintaldi honetarako udalak finkatutako beste helburu bat Forua Busturialdeko Mankomunitatean integratzea da, “kudeaketa solidarioen bidez, ahaleginak errentagarri bihurtu eta herritarri zaborraren bilketaren kudeaketan zerbitzu hobea eskaintzeko”.
“Konpromiso sendoa”
Nortasuna, euskara eta kultura dira udalaren beste helburuetako batzuk, eta, esparru horretan, etorkizuneko kultur etxe berriaren “proiektu ilusionagarria” azpimarratu dute, 2025erako aurrekontuko “inbertsio nabarmenetakoa” baita: “Gure gobernu-taldearentzat, herri legez dugun nortasunak, euskara funtsezko ardatz izanik, eragina du gure egiteko moduan”. Magunazelaiak udalak euskara eta euskal kulturagaz duen “konpromiso sendoa” berretsi du: “2025eko aurrekontua euskara hutsean egindako lehena da”. Hala, 229.727,11 euroko diru-sail “garrantzitsua” bideratuko dute etorkizuneko kultur etxea den “lehentasunezko ardatzera”.