Aratusteetako Tabernen Mozorro Lehiaketan izena emateko epea, zabalik
Beste urte batez, Bermeoko Udalak aratuste martitzenerako [martxoak 4] Tabernen Mozorro Lehiaketa antolatu du, eta interesa duten tabernetako jabeek otsailaren 28ra arte [barikua] dute izen emateko aukera.
Ohi modura, Bermeoko Udalak aratuste martitzenerako [martxoak 4] Tabenen Mozorro Lehiaketa antolatu du. Iaz 18 izan ziren parte hartu zuten tabernak, eta aurtengoan parte hartu gura dutenek dagoeneko zabalik dute izan emateko epea. Udaletik jakinarazi dutenez, interesa dutenek otsailaren 28ko [barikua] 12:00ak arte izango da horretarako aukera. Hala ere, udaletik “ahalik eta arinen” egitea eskatu dute, parte hartuko duten taberna guztiekin mapa bat osatuko dutelako. Izen ematea Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegora bertaratuta, 94-617 91 57 telefono zenbakira deituta edota kultura@bermeo.eus helbide elektronikora idatzita egin ahalko da.
Mozorro lehiaketan parte hartzeko izena ematen duten tabernek “kartel identifikatzailea” izango dute, eta apainduta egon beharko dira aratuste martitzenean, 11:00etatik aurrera. Zehaztu dutenez, tabernarien mozorroek ere bat egin beharko dute aukeratutako gaiarekin. Izan ere, Bermeoko Jai Batzordeko ordezkariek osatutako epaimahaia aratuste martitzenean bisitatuko ditu taberna guztiak, eta erabakia “egunean bertan” jakinaraziko diote irabazleari. Saridunak udalaren webgune eta sare sozialetan ere jakinaraziko dituztela iragarri dute.
Sariak.
Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu, eta horiek aukeratzeko ondorengoak hartuko dituzte kontuan: apainketaren orijinaltasuna, erabiliko diren materialentzako kontsumo orekatua eta ingurumena errespetatzea, tabernarien mozorroa eta tabernaren apainketa bat etortzea eta euskara erabiltzea. Hala, epaimahaikideen ustez baldintza guzti horiek hoberen betetzen dituen tabernak 200 euroko balioa duen otzara jasoko du. Bigarren sailkatuak, berriz, 150 euroko balioa duen otzara, eta, hirugarrenak, 100 euroko balioduna.
Udalak herriko tabernako jabeak Tabernen Mozorro Lehiaketan parte hartzera animatu ditu, “herria eta herritarrak girotzeko aukera polita” eskaintzen duelako.