Hezkuntza publikoaren grebaren bigarren txanda hasteko elkarretaratzea egin dute
LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek EAEko Hezkuntza Sailak izandako jokabide "desegokia" salatzeko bidea greba dela nabarmendu dute, eta greba zikloaren bigarren txandari hasiera emateko elkarretaratzeak egin dituzte hainbat herritan; besteak beste, Gernika-Lumon.

Hezkuntza publikoko greba zikloaren bigarren txandari hasiera emateko elkarretaratzeak burutu dituzte gaur arratsaldean [otsailak 18], Bizkaiko zenbait herritan, tartean, Gernika-Lumon. Hain zuzen ere, greba zikloaren bigarren txandan sartu dira Hezkuntza saileko irakasle, sukaldari eta garbitzaileak; bihar eta etzi sukaldariek eta garbitzaileek egingo dute greba, eta otsailaren 26 eta 27an, aldiz, irakasleek. Hezkuntza publikoan lan baldintzak hobetu! Hemen eta orain erabakita! lelopean, LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek egin dituzte greba zein bestelako mobilizazioetarako deialdiak.
Balizko proposamen gabe.
Urtarrilean zehar ere hamaika greba egin zituzten, eta horien jarraipen eta babes zabalaren ondoren, Hezkuntza Sailak “balizko proposamenik helarazi gabe” jarraitzen duela nabarmendu dute sindikatuen ordezkariek. Hala, Hezkuntza Sailak izandako jokabidea salatzeko “modu egoki” gisa dute greba egitea; izan ere, batik bat, jokabide “desegoki” hori izan da greben dinamikekin aurrera jarraitzeko arrazoi nagusia: “Greba dinamikarekin aurrera jotzeko bidea besterik ez du uzten. Jaurlaritza gehiegizko zerbitzu minimoekin eta familia zein lankideei zuzendutako gutunekin grebak baldintzatzen saiatu den arren, langileek mezu argia bidali diote Hezkuntza Sailari”. Langileak “bikain” ari direla azpimarratu nahi izan dute, Hezkuntza Sailak aldarrikapenei erantzun egokia eman arte eta lan hitzarmen berriak lortu arte kaleak bete behar dituztela aldarrikatu duten bitartean: “Argi dago langileen mobilizazioarekin batera lan baldintzak hobetzeko negoziazio erreala lortuko dela”.
Gauzak horrela, hezkuntza publikoko langileen eskaerak gogoratu dituzte: lantaldeak gazte-berritzeko neurrietan aurrerapausoak ezartzea, eros-ahalmena berreskuratzea, enplegua bermatzea, lizentzia eta baimenak hobetzea eta osasun, euskara eta hezkidetza arloan hobekuntzak ezartzea. Gainera, irakasleen irakastorduak jaistea eta burokrazia gutxitzea eskatzen dute, eta sukalde eta garbiketako langileen funtzioak zehaztea, kategoriak egokitzea eta pribatizazioari mugak jartzearen alde batu dituzte ahotsak.