Gane Palazioko upategiaren eraikina erosi du udalak, "kontserbazioa bermatzeko"
Muruetako Udalak Torregana dorretxearen 'Gane Palazio' upategiaren "eraikin historikoa" eta horren lurrak erosi ditu, eraikina babestu eta "ingurumena lehengoratzen lagunduko duen erabileretara bideratzeko".
Muruetako Udalak Torregana Dorretxearen Gane Palazioko upategiaren eraikin historikoa, eta horren lurrak erosi ditu. Azaldu dutenez helburua eraikina babestu eta “ingurumena lehengoratzen lagunduko duen erabileretara bideratzea” da.
Julen Karrion Muruetako alkateak azaldu duenez, Gane Palazio “historikoaren” upategia “gune oso garrantzitsua” da Muruetarentzat: “Garrantzi historikoa izateaz gain, eskualdeko mahastiak ustiatzeko gune legez, XIX. mendeko ekintzaile handia izan zen Pedro Allende-Salazarren eskutik, bere kokapen pribilegiatuak, itsasadarrean eta paduretan nagusi, garrantzi berezia ematen dio”. Udalak erositako ondasun higiezinak “hiru lur-zati” ditu, eta horietako batean upategiko teilapea dago (Tejavana Bodega), “balio historiko handia” duena.
Nabarnendu dutenez, Torregana Dorretxea Busturialdeko “lau gune estrategikoetako bat” da, Madariaga Dorreagaz, Garunaga Dorreagaz eta Urdaibai Dorreagaz batera. Horrez gain, upategia eskualdeko “lehen txakolin eta xanpain ustegitegietako bat” izan zen, Allende-Salazar “ekintzaile handiaren eskutik”. “Enpresa garapenerako dorretxearen ondoan eraikin bikaina eraiki zuen, gaur egun ere existitzen dena, eta bertan, ardo preziatuak egiteaz gain, upategia zegoen. Halaber, mendearen amaieran, Allende-Salazarrek ostra-fabrika bat ustiatzeko proiektua aurkeztu zion Muruetako Udalari. Sibarita on bezala ostrak eta xanpaina batu zituen”, azaldu dute Gernikazarra Historia Taldetik.
Hiru lur-zati.
Upategia Larrabe auzoan kokatuta dago, “hiru lurrekin batera”, eta 488,6 metro karratu ditu. Lehenengo lur-zatia (19.098,82 metro karratu) upategiarena da, eta azaldu dutenez, antzina txakolinerako mahatsondoak landatzen zituzten bertan. Bigarren lur zatiak 5006 metro karratu ditu; Muruetako ontziolarako bidean ondoan dago, eta “trenbideraino” iristen da. Hirugarren lursaila, berriz, “Txiseiturritik eta ontziolako errepidetik gertu” dago. Udaletik zehaztu dutenez lursail horiek “erabilera asko” ahalbideratzen dituzte, “guztiak EKZPn baimenduta”: “Udalarentzat enklabe hau toki historikoa da, jarduera askotarako egokia, adibidez, udal-edo udalaz gaindiko jardueretarako. Parke edo aisialdirako naturgune bat izan daiteke edota erakunde publiko baten egoitza ere. Era berean, gure nekazaritza-tradizioa dela eta, lehen sektoreko ekimenetarako ere erabil daiteke”. Zehaztu dutenez, lurrak udalaren eskuetara pasatzeak horiek “kontserbazioa bermatzen du”.