Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu du Jardun Koordinadorak
Jardun Koordinadorak Gernika-Lumon ospatuko du aurten ere Aberri Eguna. Bide horretan, "Euskal Herriko langileon elkargune" izateko eguna delarik, Jardun Koordinadorak horretan parte hartzeko deia zabaldu du.

Jardun Koordinadorak apirilaren 20an Gernika-Lumon ospatuko duen Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu du. Izan ere, bertako kideen hitzetan, independentzia eta sozialismoaren bidean, langileen antolakuntza “halabeharrezko baldintza” denez, Aberri Eguna “Euskal Herriko langileen elkargune izateko tresna” da. Hala, apirilaren 20an “garbi eta ozen” aldarrikatu behar den mezua azaldu dute: “Burgesia bidelagun izatea proposatzen duten planteamenduak honen unean uneko kapritxo eta beharrizanen menpe daude. Jabeen azken helburua ez da inoiz askatasuna izango, beren mozkin eta nagusitasunari eustea baizik. Baina hamaika dira Euskal Herriaren koloreak, hainbat gure errealitate eta aupegiak, ez baita sorlekua batzen edo definitzen gaituena, esplotatutako klase eta zapaldutako nazio baten parte izatea baizik”.
Gauzak horrela, frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herri Langilearen aurka darabilten elementu estrategikoa banaketa dela argi du koordinadorak, eta horrek, gainera, “kulturan eta hizkuntzan isla argia” duela jakin badakite. Banaketa, baina, ez da estatuen estrategiara mugatzen, nabarmendu dutenez: “Banaketaz dihardugunean, burgesiaren arma eta taktikaz ari gara, langileon artean banaketa sortzera bideratutakoaz, alegia. Euren txakurren eta uniformatuen zuzeneko jazarpena beharrean, gorrotoa eta beldurra dira egun borreroak langileon bihotzetan izua nagusitu, elkartasuna deuseztatu eta, azken finean, langileon arteko batasuna arrakalaz josteko baliatzen ari diren tresnak”.
Jardun Koordinadorakoen ustez, nazioartean gerra sustatzen duten bitartean, migrazioa aurkezten dute arazo gisa. “Eta hainbat langile kale gorrian utziz etxegabetzen dituzten bitartean, okupazioa ei da arazoa”. Oro har, faxismoak iruzurra, gezurra eta aurreiritzia lagun dituela salatu dute: “Langileon arteko banaketak eta liskarrak sortuta, honen potentzialitate iraultzailea indargabetu, eta aldi berean, burgesiaren ekimenak eta bere proiektu politikoa babestera bideratutako posizionamendu eta praktikak sustatzen dituzte”. Era horretan, Jardun Koordinadorako kideek diote burgesiak naziotasuna, hizkuntza eta kultura langile klasearen berezko ezaugarriak izatetik, “bazterketa eta banaketarako” tresna bilakatu nahi dituela, “Euskal Herria eta bere ideia bera euren mesedepean desitxuratzeko punturaino”.
Askapenera bidean, beharrezko. Hori guztia kontuan izanik, Aberri Eguna beharrezkotzat dute koordinadoratik. Azaldu dutenez, Euskal Herri Langilea “miseriara kondenatutako kapitalaren atzaparretan bizirauteko, handien menpe dauden klase langileez osatuta” dagoen heinean, klase eta nazioaren askapenerako bidean “beharrezkoa” den proiektua da apirilaren 20an, Gernika-lumon burutuko dena.