Urdaibai zikloturistentzako helmuga gisa indartzen jarraitzen dute
Txirrindularientzako berariazko zerbitzuak dituzten 15 ostaturen egokitzapena bultzatu eta bizikletak aparkatzeko eta horiek konpontzeko sei puntu berri ezarri dituzte, Urdaibai Basque Reserve ekimenaren bitartez. Aurten bizikleta ibilbideen gida eguneratu bat egitea aurreikusten dute.

Urdaibaik aurrera jarraitzen du turismo jasangarri eta adimentsuagaz duen konpromisoan, izan ere, zikloturismoaren aldeko apustu sendoa egiten segitzen du Urremendik Urdaibai Basque Reserve ekimenaren bitartez. Horretarako hainbat ekimen gauzatu zituzten iaz, zikloturisten esperientzia hobetzeko, azpiegitura sendotzeko eta bere sustapena nazioartean indartzeko.
Hala, txirrindularientzako berariazko zerbitzuak dituzten 15 ostaturen egokitzapena bultzatu dute, horietan biziketak gordetzeko espazio seguruak sortuz, garbiketa guneak egokituz eta bizikletak konpontzeko oinarrizko tresnak izatea bermatuz.
Era berean, bizikletak aparkatzeko eta horiek konpontzeko sei puntu berri ezarri dituzte hainbat kokapen estrategikotan: Morgan, Urdaibai Bird Centerren, Foruan, Muruetan, Ibarrangelun eta Ereñon.
“Azpiegitura horiek zikloturistentzako zerbitzu sarea osatzen dute eta eskualdeko irisgarritasuna hobetzen dute Urdaibai ezagutzeko bizikleta aukeratzen dutenentzat. Izan ere, pedalei eragitea Urdaibaiko txoko bakoitza ezagutzeko modu dibertigarria, osasungarria eta jasangarria da”, azaldu dute arduradunek.
Urdaibai Bike Reserve ekimena ezagutarazteko ere lanean aritu dira, eta horretarako sare sozialetan, Googlen eta Youtuben eduki espezifikoak zabaltzeko publizitate kanpainak aurrera eroan dituzte. Gainera, gehitu dute Stravan ere txirrindularien komunitatea indartu dutela aldizkako argitalpenekin. Horrez gain, Suitzan eta Frantzian saltzen den Cicly! aldizkariagaz ere press trip bat antolatu dute.
Azpimarratu dute adin, gustu eta maila guztietako jendearentzako ibilbideak daudela: “Errepidekoak, kostaldea zein barnealdea zeharkatzen dutenak, mendikoak edota familian gozatzekoak”.
Hazten jarraitzeko urtea.
Urdaibaik erreferentziazko helmuga gisa duen posizionamendua indartzen jarraitzeko konpromisoa dute, eta ekintza estrategiko berriak baliatuko dituzte horretarako. Horien artean, bizikleta ibilbideen gida eguneratu bat landuko dutela aurreratu dute, ibilbide berriak gehituz eta dagoen materiala hobetuz.
Zikloturismoaren aldeko apustuak turismo eredu jasangarria sendotzen laguntzen du, eta, gainera, Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen elkarteko kudeatzaileak dio “funtsezkoa” dela helmugaren desestazionalizazioan: “Gure lehentasuna urte osoan zehar esperientzia turistikoak eskaintzea da, eta zikloturismoa horretarako aukera bikaina da”. Gehitu du zerbitzuak “hobetzen, ibilbideen sarea zabaltzen eta merkatu estrategikoetan Urdaibairen presentzia indartzen” jarraituko dutela.
Eta, jakinarazi dute, proiektu hau Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan kokatzen dela, eta Europar Batasunak finantzatzen duela, Next Generation EU programaren bidez.