Eako kontsultategian iriste erraztasuna hobetzeko lanak egin dituzte
Lanok Jaurlaritzaren diru laguntzagaz eroan dira aurrera. Isolamendu akustikoa hobetzeko hainbat esku hartze ere egin dituzte.

Eako mediku kontsultategian hobekuntza lanak egin ditu udalak. Izan ere, kontsultarako sarbidearen iriste erraztasun arazoak konpontzea bilatu du, baita isolamendu akustikoa hobetzeko hainbat esku hartze egin ere. “Joan den urtean Eusko Jaurlaritzako diru laguntza bat jaso genuen, osasun zentroan hobekuntza lanak egiteko eta bertako iriste erraztasuna hobetzeko”, azaldu du Francis Ziloniz Eako alkateak. Eta hala egin dute.
Mediku kontsultategiak “isolamendu akustiko gabezia nabarmena” zuelako eroan dituzte aurrera lanak, pazienteen intimitatea babestu, eta osasun langileekin konfiantzazko giroa sortzea errazteko asmoz. “Izan ere, itxaron gelan zeudenek entzun egiten zituzten medikuaren eta beste pazienteen artekoak. Eta pazienteen intimitatea babestu gura izan dugu”, azaldu du alkateak. Ondorioz, jakinarazi du hormak isolamendu akustikoa bermatzen duten materialekin bete dituztela, ateak berritu, eta teilatuan ere isolamendu akustikoa hobetu dutela.
Horrez gain, irisgarritasun arazoak konpontzeko, udaletxeko arkupetik kontsultarako bidean arrapala bat jarri dute, eta, horregaz batera, altzairu herdoilgaitzezko baranda instalatu dute espaloi bazterrean. “Mugikortasun arazoak dituzten herritarren iristerraztasuna hobetzea izan da geure asmoa, eta lan horiek egin ditugu, pertsona horiek arrapalatik sartzeko aukera emanez”, gehitu du alkateak