20 lagun elkartu dira Berbalagunek antolatutako argazkilaritza tailerrean
Atzo (otsailak 13), Gernika-Lumoko Kultur Etxean argazkilaritza tailerra antolatu zuten Berbalagunek; horrekiko balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.

Atzo (otsailaren 13an), Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatutako argazkilaritza tailerrean 20 lagun elkartu zirela eman dute aditzera antolatzaileek. Caos Studioko Unai Alba eta Julia Alvarezek, argazki-kamerak alde batera utzi, eta mugikorrekin “argazki dotoreagoak” ateratzeko hitzaldi bat eskaini zieten bertaratutakoei Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Berbalagunek “balorazio positiboa” egin dute horrekiko, gainera.
“Lehenik eta behin, argazkilaritzaren oinarrizko kontzeptuen azalpen teorikoa eman ziguten, hala nola enkoadrea, konposizioa edo argia. Hiru elementu horiek gure argazkiaren itxuran, eta, batik bat ulermenean, nola eragiten duten era oso praktikoan hausnartu genuen. Ondoren, argazkiak atera osteko edizioari ere tartea egin zioten; izan ere, gaur egun oso ohikoak dira argazkiak moldatzeko edo apaintzeko erabiltzen ditugun aplikazioak. Hala, eginkizun horretarako zenbait tip eta aukera aurkeztu zizkiguten”, gaineratu dute.
Saioa bukatu orduko, bide batez, azkenaldian sare sozialetan “asko ikusten den erronka txiki bat” izan zuten aurretik Kultur Etxean, eta horren xehetasunak eman dituzte: “Hasteko, kolore bat aurkeratu behar genuen. Gero, kalean 30-60 minutuko paseo bat eman bitartean, hautatutako kolorea duten elementuak identifikatu, argazkia atera, eta objektu hori nabarmentzen saiatu behar izan ginen; hau da, irudiko protagonista bihurtu behar dugu. Azkenik, ateratako 4-7 argazkiak aukeratu (editatu daitezke) eta Berbalaguneko Whatsappera bidali”. Horrez gain, jendeak bidalitako argazkiak jaso ahala, Berbalagunen Facebookeko eta Instagrameko profilean argitaratuko dituztela aurreratu dute antolakuntzatik.