Herrian sortutako sastar kopuruak behera egiten jarraitzen du
2024. urtean 4.317 tona sastar bildu zituzten Bermeon, aurreko urtean baino %1,46 gutxiago. Datu "ona" dela azaldu du Zigor Uriondo Ingurumen zinegotziak, "arduratsuak" izatearen beharra azpimarratzeagaz batera. Udaberriari begira, organikoaren birziklatzeari buruzko sentsibilizazio kanpaina egingo dutela iragarri du.

Azken urteetako joerari eutsiz, 2024. urtean udalerrian sortutako sastar kopuruak %1,46 behera egin duela iragarri du Bermeoko Udalak. 4.317 tona batu dituzte guztira, 257 biztanleko, azken 25 urteetako daturik baxuena. Zigor Uriondo Arrue Ingurumen zinegotziak “datu ona” dela adierazi du, kontsumitzeko orduan “arduratsuak” izatearen garrantzia azpimarratzeagaz batera. Era berean, jasangarritasunaren ikuspuntua” kontuan hartu beharra dagoela nabarmendu du, hala nola, bertoko produktuak kontsumituz, gain-ontziratutako elikagaiak ez erosten saiatuz edota erosketarako orga edo telazko poltsak erabiliz.
Bermeotarrak denborak aurrera egin ahala birziklatzeko ohiturekin “hobetzen” joan diren arren, “ahaleginak egiten jarraitu” behar dutela azpimarratu du zinegotziak: “Erlaxatu barik, jasangarritasun helburuetatatik oraindik urrun gaude eta”. Izan ere, nahiz eta udalerrian “hondakin gutxiago” sortu, birziklatzeko errekuperatzen den hondakinen kopurua azken urteetan “egonkortu” egin dela azaldu du, datu hori hobetzea “ezinbestekoa” dela gehituz. Horregatik, ingurumena zaintzea “denon ardura” dela nabarmendu eta gaika birziklatzen jarraitu beharra dagoela adierazi du Uriondok.
Udalak jakinarazi duenez, Zabalgarbiko erraustegira doan sastar tona bakoitzagatik 131,55 euro ordaindu behar ditu; ondorioz, zenbat eta hondakin gutxiago sortu, udalak gutxiago gastatzen du, eta alderantziz.
Datuak, sailka.
Sailka banatuta, olio eta organikoen bilketak izan du “jaitsiera nabarmenena”; izan ere, olio bilketak %10,71 jaitsi dira, guztira 10 tona olio birziklatuz. Datu hori “azken urteetako baxuena” dela nabarmendu du Ingurumen zinegotziak. Organikoen bilketan ere, azken urteetako “beheranzko joerarekin” jarraitu dutela azaldu du, 2024an zehar %16ko jaitsiera emanez. Joera horrek “ardura” sortzen du udalean, izan ere, 118 tona “bakarrik” bildu ziren iaz. Egoerari buelta emateko asmoz, udaberrira begira organikoaren birziklatzearei buruzko sentsibilizazio kanpaina egingo dutela iragarri du Uriondok.
Arropa eta etxetresna txikiei dagokienez, %19ko “igoera nabarmena” egon zen iaz. Hain zuzen, 52 tona bildu ziren, “orain arteko daturik onena” utzita. Pilei dagokionez ere, 2023an baino %47,16 gehiago bildu zen, 1.657 kilo.
2021. urteaz geroztik beheranzko joeran joan da bolumen handiko hondakinen bilketa, baina, 2024an %6,06 egin zuen gora (205 tona). Beiraren kasuan, 511 tona batu zituzten, hau da, aurreko urtean baino %1.76 gehiago. Papera eta kartoiaren kasuan, berriz, “alderantzizko joera” egon da: 2023an baino %2,33 gutxiago birziklatu da, 420 tona. Ontzi arinen birziklapenak ere behera egin zuen iaz: 335 tona, hau da, biztanleko 20 kilo birziklatu ziren.