Ordorikako lur eremua bertoko baso bihurtzeko beste pauso bat
Barrutiko eta Barrutialdeko eskola komunitateak landaketak egin zituen atzo BaSOS elkarteak Ordorikan erositako lur eremuan. 25 lagun bertaratu ziren, Muxikako eremua bertoko baso bihurtzeko asmoz.

Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake. Esaera horri segika lan egiten dute BaSOS elkarteko kideek, eta esaera horri segika, Busturialdeko basoak bertoko zuhaitzez bete gura dituzte. Hala, elkarteak Ordorikan erositako lurretan beste landaketa bat egin dute, Barrutiko eta Barrutialdeko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin oraingoan; joan den hilanbetean Allende Salazar eskolakoak joan ziren. Barrutiko eta Barrutialdeko eskola komunitateko 25 lagun bertaratu ziren atz0 (otsailak 9) Ordorikara, eta atxurrak eta zuhaitz landaretxoak lepoan hartuta, aldapan gora ekin zioten abenturari.

Barrutia eta Barrutialdeko eskola komunitatea BaSOS elkartekoek erositako lur eremuan izan dira landaketak egiten.BaSOS elkartea
Gaur egungo baso kudeaketa eredutik aldenduta, aretxak, gereziondoak, urkiak edota lizarrak landatu zituzten. Eguraldiari dagokionez, iragarpenak bete egin ziren goizeko lehen orduetan, eta zeru ilunari eta zirimiri etengabeari aurre egin zioten bertaratu zirenek. Izan ere, horrek ez zuen eragotzi ekimena aurrera eroatea. “Gure inguruko paisaia ondo gertutik ezagutu genuen, bere aldapa, basatza eta sasiekin nahastu ginen gu ere, eta gogotsu ekin genion lanari”, onartu dute elkartekoek
Hala, bakoitzak bere alea jarri zuen atzokoan, eta ale horiek batuta, guztiona den horren alde egiten ari dira elkartekoak elkarlanean. “Eskerrik asko bihotzez hurbildu zineten guztioi”.

Barrutia eta Barrutialdeko eskola komunitatea BaSOS elkartekoek erositako lur eremuan izan dira landaketak egiten.BaSOS elkartea
Izan ere, BaSOS elkartekoek Ordorikako eremuan kontserbazioko baso bat bultzatu gura dute, espezie askokoa, irregularra dena. “Sei hektareako gunea da, arlo bakar batean antolatuta dagoena egun. Beheko aldean, esaterako, harizti bat dago, akasiak ere badaude, baina eukalipto batzuk ere bai”, jakinarazi dute. Hala, aurten, lur eremu horretako goiko bi hektareetan landaketak egin gura dituzte: “Berez dator bertoko landaredia inguru horretan, baina jendea kontzientziatu eta baso hori bideratzen lagundu nahi dugu”.

Barrutia eta Barrutialdeko eskola komunitatea BaSOS elkartekoek erositako lur eremuan izan dira landaketak egiten.BaSOS elkartea