Leiomiosarkomaren inbestigazioa sustatzeko erakusketa
Gaur (otsailak 10) hasi eta otsailaren 28ra (barikua) arte, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoak 'Gernikako eta inguruko irudiak eta paisaiak' erakusketa solidarioa hartuko du. Lortutako dirua leiomiosarkomaren inbestigazioan jarduten duen GEIS taldera bideratuko da.

Gernika-Lumoko Elai Alai aretoak Gernikako eta inguruko irudiak eta paisaiak erakusketa hartuko du otsailaren 28ra (barikua) arte. Izan ere, gernika-lumotarra den Enara Alakanori leiomiosarkoma minbizia diagnostikatu zioten iaz; muskuluetan hasten den eta oso ez ohikoa den sarkoma mota bat da, sendatzeko tratamendu zehatzik ez duena gaurkoz. Horregatik, Rosa Maria Sanchez margolariak, Alakanoren amak, hainbat erakusketa ditu dagoeneko martxan, guztiak helburu berdinarekin: leimiosarkoma ikerketa sustatzen duen GEIS taldeak aurrera ateratzeko beka bat lortzea.
Jakinarazi dutenez, beraz, Elai Alai aretoko erakusketan bildutako dirua GEIS taldera bideratuko dute, leiomiosarkomaren inbestigazioan aurrerapauso bat ematen laguntzeko asmoz. Durangoko Ezkurdi aretotik pasatu ondoren, Laidako Biskaine tabernan, Muxikako Zubieta Errotan, Ispasterreko Iñigo Egiluz aretoan, zein Mendatako Artape tabernan daude ikusgai Sanchezen lanak. Oraingoan, foru herriko Kultur Etxeko gelan hainbat lan jarri ditu, beraien salmentaren eta rifen salmentaren bidez bere alaba lagundu ahal izateko.