Indarkeria matxistaren datuak "altua" izaten jarraitzen du Bermeon
2024ko indarkeria matxistaren datuek aurreko urtekoekin alderatuta "zertxobait beherantz" egin badute ere, Bizkaiko lurraldekoekin konparatuz gero, kopuruak "altua" izaten jarraitzen duela azaldu du Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udalak 2024. urteko indarkeria matxistaren datuak argitaratu ditu, eta, datuek islatzen dutenez, Bizkaiko lurralde datuekin alderatuta, kopuruak “altua” izaten jarraitzen du udalerrian, 2023ko zifrekin alderatuta “zertxobait beherantz” egin badu ere.
Iaz, Bermeoo Gizarte Zerbitzuek 26 emakume artatu zituzten, eta Ertzaintzaren aktuazioak, berriz, 6o izan ziren. Udaletik jakinarazi dutenez, 41 bikote edo bikote ohiek eragindako indarkeria kasuengatik izan ziren, 13 familia barruko indarkeriagatik eta 7 sexu indarkeriagatik. Osakidetzari dagokionez, berriz, urteko lehen sei hilabeteetan 15 emakume artatu zituzten. Era berean, udalak martxoan martxan jarri zuen eta Clara Campoamor elkarteak eskaintzen duen aholkularitza juridikoa 13 emakumek erabili dutela zehaztu dute. Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, datuak indarkeria matxistaren “adierazgarri ikusgarrienak” dira, baina ezin dira ahaztu emakumeek egunerokotasunean jasotzen dituzten indarkeria egoera asko, “oraindik ere zenbaketa horretan ikusezinak” direnak.
Udalak indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria izateaz gain, “lehen mailako arazo soziala” ere badela gogoratu du: ” Indarkeria matxista, hori jasaten eta aurre egin behar izaten dioten emakumeen et LGTBI+ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da”. Indarkeria matxista kasuak gertaera isolatuak ez direla eta “emakumeek gizonen mende bizi behar duten ideian eta emakumeei gizartean “zenbait adierazpen eta portaera zigortu behar zaizkien ideian sustraitzen den sisteman oinarritutako jokabide eta balioen babesean” sortzen direla azpimarratu du Ormazak.
Orokorrean, indarkeria matxistaren kasuek “goranzko joerarekin” jarraitzen dutela azaldu du, horren arrazoiak ezberdinak izan daitezkeela aipatuz: “Alde batetik, indarkeria matxistaren gorakada adierazi dezake, eta, bestetik, mugimendu feministak eta erakundeek egindako urteetako lanaren ondorioz, emakumeek indarkeria egoerak detektatzeko eta neurriak hartzeko tresnak eskuratu izana adierazi dezake”. Era berean, udala berdintasunaren alde lan egiten jarraitzera “konpromituta” dagoela nabarmendu du, “indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta emakumeek eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek giza eskubideak oso-osorik bermatuta izan ditzaten”.
Horratarako, udalak herritar guztien “berdintasun osoa” ahalbideratuko duten politikak bultzatzeko konpromisoa berretsi du: “Erabat gaitzesten dugun edozein indarkeria matxista mota”. Halaber, “berdintasunezko Bermeo” eraiki ahal izateko herritarri indarkeria matxistaren aurka “buru-belarri jardun daitezela” eskatu die udalak: “Indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura da”.