Arrizabalagak eta Bergarak porrotez hasi dute Urrezko Liga
Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak Goiuri Zabaletaren eta Uxue Osesen kontra 22 eta 12 galduta ekin diote Urrezko Liga izeneko Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren finalaurrekoen ligaxkari.
Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak ez dute hankarik onenez abiatu Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren finalaurrekoen ligaxka. Urrezko Liga izena eman diote ligaxka horri, eta iragan domekan [otsailak 9] ekin zioten lehiari, Aretxabaletako Iturrigorri pilotalekuan. Gernika-lumotarrak eta tuterarrak 22 eta 12ko markagailuagaz galdu zuten Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Uxue Oses oñatiarraren kontra. Ikusmin handia piztu zuen norgehiagokak, Zabaleta eta Arrizabalaga emakumezkoen egungo esku pilotak dituen aurrelaririk puntakoenetakoak baitira. Partiduak, baina, gutxi eduki zuen ikuskizunetik.
Izan ere, kantxa oso irristakor egon zen, urak hartuta; horri material hautaketagaz izandako gorabeherak gehitu zitzaizkion. Ikuskizunari eusteko jarreragaz atera ziren bikote biak, baina denek beren ohiko mailatik behera aritu ziren. Azken txanpara arte bietako batek ere ez zuen markagailuan arrakala handiegirik zabaldu, baina azken zatian Zabaleta eta Oses izan ziren akats gutxien egin zituztenak, eta hura giltzarri izan zen, partidua patrikaratzeko.
Olatz Arrizabalaga: “Garrantzitsuena da, partidua onena izan ez arren, Bergarak eta biok elkar ondo ulertu genuela eta eraginkor komunikatzeko beste izan ginela”
Arrizabalaga ez da emaitzagaz “batere asebeteta” geratu, baina, era berean, “lasai” hartu dute Urrezko Liga: “Finalaurrekoei begira, lehen lau bikoteen ordena jakiteko balioko du, baina ez da inor kanporatuko“. Horrenbestez, porrota ahaztea eta “lanean gogor” jarraitzea dagokie gernika-lumotar aurrelariari eta tuterar atzelariari: “Garrantzitsuena da, partidua onena izan ez arren, Bergarak eta biok elkar ondo ulertu genuela eta eraginkor komunikatzeko beste izan ginela. Hala joko, nola esku aldetik sendo gaude, eta horrek beharrean segitzeko grina pizten digu”.
“Mirian Arraizak eta Enara Gamindek osatutako bikotea txapelketa irabazteko hautagai nagusietako bat da”
Asteon ez dute partidurik edukiko, baina lehiaketa hurrengo astean bueltatuko zaie, Gallartako Txikiton. Arrizabalagak eta Bergarak Mirian Arraiza donostiarraren eta Enara Gaminde laukiztarraren kontra edukiko dute “sentsazio onak berreskuratzeko” aukera: “Txapelketa irabazteko hautagai nagusietako bat da bikote hori, batez ere, Gaminde moduko pilotari handi bat tartean izanda; horrenbestez, horiei irabaztea aurrerapauso handia litzateke”. Bien bitartean, iragarri du kalitatezko entrenamenduak egitea eta, horregaz batera, eskuei “atseden apur bat” ematea duela buruan.