Behargintzak EnpleGU programan parte hartuko du
Bermeoko Nautika eskolarekin lankidetzan, "hurbilketako prestakuntzak" dituztenei edota "lan-merkatuan sartzeko gaitasuna" dutenei zuzendutako programa bat eskainiko du.
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak EnpleGU programan, hau da, langabezian daudenei, prestakuntza gutxi daukatenei edota lan-munduan sartzeko zailtasunak dituztenei enplegu aukerak sortzeko programan parte hartuko du. “Funtsezko trebentasuna eta gaitasun profesionalak garatzen eta gizartean bete-betean parte hartzeko etalana aurkitzeko behar den konfiantza hartzen lagunduko du”, azaldu dute Behargintzatik.
Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta Euskal Herriko sei garapen-agentziak elkarlanean garatutako proiktua da EnpleGU, eta “hazkunde pertsonal eta profesionala laguntzera” bideratuta dago.
Prestakuntza eta esperientzia faltagatik, diskriminazioagatik, oztopoko sokioekonomikoengatik… batzuetan lan merkatuan sartzea “ez da erraza” izaten, “batez ere, aukera faltagatik”. Horregatik, programak “bakoitzaren beharretara” egokitutako laguntza eta prestakuntza eskainiko dituela azaldu dute. Moduku praktikoak eta tailerrak emango dituzte, “lan-aukerekin konektatzen laguntzeko”.
Prestatu ibilbidea.
Behargintzak aldez aurretik “hurbilketako prestakuntzak” dituztenei edota “lan-merkatuan sartzeko gaitasuna” dutenei zuzendutako programa bat eskainiko du: Prestatu ibilbidea. Zehaztu dutenez, Bermeoko Nautika eskolarekin lankidetzan egingo dute, “homologatuta dagoen prestakuntza eskainita”.
Helburua “itsasoratzeko beharrezkoak” diren ikastaroak eskaintzea da: Itsasontziko segurtasuna eta lehen sorospenak (70 ordu), arrantza-ontziko estalki-lanak (30 ordu) eta arrantza-aparailuak montatzea (190 ordu). Formakuntza eta orientazio saioak martxotik ekainera bitartean eskainiko dituztela iragarri dute. Zehaztu dutenez, ibilbide horiek “prestakuntza teknikoak egiteko, lan-merkatuan sartzeko edo prestakuntza aurreratuago batekin jarraitzeko” aukera eskainiko dute.
Programan parte hartu nahi dutenek Behargintzan eman beharko dute izana, bai 94-617 91 90 telefono enbakira deituta, bai bulegora bertaratuta —Zubiaur tar Kepa Kalea 26-28—