Maialen Lujanbiok bere azken lana aurkeztuko du Astran
Lujanbiok 'rr_6_erre(AH)ala' emanaldia aurkeztuko du barikuan [otsailak 7], 20:30ean, Astran.

Maialen Lujanbiok rr_6_erre(AH)ala emanaldia aurkeztuko du barikuan [otsailak 7], 20:30ean, Astran. Bertsolariaren rr ikuskizunaren segida da. Sarrerak 10 eurotan erosi beharko dira, Astran bertan. Era berean, Astralagunek sarrera bana izango dute, txartela aurkeztuta.
2018an eskaini zuen Lujanbiok lehen aldiz rr emanaldia. Bokalik gabeko eta ezin deszifratuzko hots dardarti bat “mugimenduaren, lurrikararen eta momentu zehaztugabe baten” inguruan aritzeko. Ordutik, beste emanaldi batzuk eskaini ditu, eta 2022an bira txiki bat osatu zuen rr#5 marrak izenekoarekin. Oraingoan, berriz, jakitera eman duenez, bestelako proposamen bat azalduko du jendaurrean, “errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri ikus-entzutekoa”.
Aurreko proposamenen haritik, hitzez eraikitako errezitaldia eskainiko du sortzaile hernaniarrak, “soila, hutsa, betea”. Emanaldiaren lehengaia hizkuntza da, erregistro desberdinetan erabiliko duena: hotsetan, testu idatzietan, hitz esanetan, bertsoetan… erregistro desberdinak, baina denak bikain aurkeztuak, hitzaren jolasean artista delako bertsolaria. Soinuek eta pantailako proiekzioek lagunduko diote emanaldian interakzioa sortzen.
Aurreko rr lanean bezala, garaiko gaien inguruan egiten du jolas Lujanbiok. Emanaldiek abiapuntu eta oinarri bera dute, baina tokian eta unean aldaerak dauzka: “Emanaldia, espirituz, bertsolariaren ikuspuntutik egina da; inguruaren, momentuaren, irakurketa bat da. Hori bertsotan astero egiten duguna da, leku batera joan, eta hango berri, momentuaren berri, munduaren berri eta leku txiki horren berri, dena nahastuz, han momentuan eman”.