Bermeoko Herri Lasterketaren data berria zehaztu dute
Otsailaren 23an [domeka] egingo dute urtarrilaren 26an haizeteengatik ezarritako alerta laranjak bertan behera utzi zuen herri lasterketa. Dortsalak salgai daude, Areneko kiroldegian.

Hango eta hemengo, ume, gazte, heldu zein nagusi, azkar zein motel, Bermeo denetariko korrikalariak hartzeko prestatuta zegoen urtarrilaren 26an. Udalerriak Taraska Gazte-Zahar taldeak eta Bermeoko Udalak elkarlanean antolatutako, eta herritar guztiei zuzendutako kirol-ekintza hartu behar zuen: Bermeoko XIX. Herri Lasterketa. Haizeagatik ezarritako alerta laranjak, baina, hitzordua bertan behera uztea ekarri zuen. Orain, data berria iragarri dute: otsailaren 23a.
Lasterketaren xehetasunak mantendu egin dituzte; hau da, helduen lasterketa 11:00etan izango da, eta 8 kilometro egingo dituzte. 12:00etan, berriz, gazteak aterako dira (1,5 kilometro), eta 12:10ean, txikienen txanda izango da, 800 edota 100 metroko ibilbideekin.
Lasterketan biltzen duten dirua Eleizalde Ikastolako gela egonkorrera bideratuko dute, gela horretako ikasleen artean «kirol praktika sustatzeko» eta ume guztiek «era batean eta batera» kirola egiteko aukera izateko. Iaz 701 korrikalarik parte hartu zuten eta 900 euro bildu zituzten; aurten «gehiago» izatea espero dute.
Dortsalak, salgai
Urtarrilaren 26ko hitzordurako dortsala erosita zutenek otsailaren 23ean erabili ahal izango dute. Era berean, oraindik dortsalik ez dutenentzat horiek eskuratzeko aukera zabaldu dute, Arene kiroldegian. Nagusiek 2 euro ordaindu beharko dituzte, eta ume, txiki eta gazteek, berriz, euro bat. Lasterketa «herrikoia eta soziala» da, eta korrika egin nahi ez dutenek ere ekarpena egiteko dortsala erosi dezakela azpimarratu dute.