Euskal haritzaren landareak banatuko dituzte
Basoen Nazioarteko Egunari begira Bizkaiko Foru Aldundiak deitutako ekimenagaz bat egin du Busturiako Udalak, eta Quercus Robur "espezie autoktonoko landareak" banatuko ditu herritarren artean. Eskaera egiteko azken eguna otsailaren 21a [barikua] da.
2013ko azaroaren 28an Nazio Batuen Batzar Nagusiak emandako ebazpenari jarraituz, urtero, martxoaren 21ean [barikua] Basoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurten, egun horri loturako ekimena bultzatu du FAOk (Elikadura eta Nekazaritza Erakundea), NBEko agentzia espezializatuak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak bat egitea erabaki du, udal erakundeei ere ospatzeko proposatu eta eskatuz. Busturiako Udalak baiezko erantzuna eman du.
Basoen Nazioarteko Egunaren helburua basoek “hiru eremutan” ematen dituzten “onura anitzak” gizarteari helaraztea da; hau da, herritar guztiei “iraunkortasunaren, ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen eremuetan” ematen diren onuren berri ematea. Horregatik, zuhaitzekin basoberritzean oinarritzen diren “dibulgazio-ekintza eta ospakizun-jardueretan” laguntzeko, aldundiko Nekazaritza eta Natura Ingurune Sailak Euskal Herriko haritza (Quercus Robur) espezie autoktonoko landareak jarriko ditu udalaren esku, “egun horietan egiten diren landaketetan erabili ahal izateko”. Aldunditik azaldu dutenez, ekintza hori Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren barruan garatzen da, eta Europar Batasunak kofinantzatzen duen Haritza Proiektuaren barruan kokaktzen da.
Hala, martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Egunagaz bat egin nahi duten busturiarrek haritz autoktonoen landareak eskatzeko aukera dute, otsailaren 21a [barikua] bitartean. Udaletik jakinarazi dutenez, eskera egiteko udal liburutegiarekin harremanetan jarri beharko dira, 94-617 10 04 telefono zenbakira deituta edo liburutegia@busturia.eus helbide elektronikora idatzita. Landareen jasotzea, berriz, izena eman dutenekin adostuko dute.
Aitor Aretxaga Busturiko alkateak parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak: “Animatu eta gure ingurune berdea eta iraunkorra mantentzen lagundu”.