Santa eskean irteteko ohiturak bizirik darrai
Asteburuan eman zieten hasiera Santa Agedako errondei eskualdeko hainbat herritan; beste askok ordea, gaur, Santa Ageda bezpera [otsailak 4] egunean hartu dituzte makilak, tradizioari eutsiz auzoz auzo santa eskean aritzeko.

Urtebete gordeta izandako makilak eskuartean hartu eta ahotsa berotuta, beste urte batez kalera atera dira Busturialdeko herritarrak. Han eta hemen euskal ohiturak bizirik jarraitzen duen erakusle da hori, eguraldi onarekin zein txarrarekin, herri txiki zein handietan, herritarrek auzorik auzo santu eskean biltzen jarraitzen baitute.Ā
Tradizioari jarraituz, gaurkoa [otsailak 4] da koplak abesteko eguna, baina hainbat herritan asteburua aprobetxatu dute ohitura betetzen dela bermatzeko, tartean, Kanpantxun, Arratzun, Ean, Ibarrangelun, Sukarrietan eta Muruetan. Ajangiztarrek baina, zapatuan [otsailak 8] beste hitzordu bat dute, baserriz baserri santa eskean ibiliko direlako. 10:00etan jarri dute hitzordua, Mendietan.Ā
Gaur, berriz, Santa Ageda bezperan, Gautegiz-Arteagako biztanleak izan dira goiztiarrenak. Tabernazarren bildu eta Basetxeta, Zendokiz, Kanala eta Isla inguruak igaro dituzte goizean, eta arratsalderako herrigunera gerturatu dira, eguna kantuan agurtzeko.
Ume, gazte, heldu zein nagusik Santa Ageda kopla hotsez bete dituzte kaleak. Gernika-Lumon, esaterako, goizean zehar ikasleak kalera atera dira, eta arratsaldera ere hala egin dute. Iluntzean, gainera, Urdaibai Kantagunekoak ere atera dira. Bermeon, bestalde, Erroxape Abesbatzak eta Arrekatxutxak girotu dituzte kaleak, kalejiragaz. Berritasun legez, udaletxearen parera iristean Nadia Nemeh alkateari aipamena egiten dion kopla abestu dute, eta alkateak beraiekin bat egin du kantuan. Institutuko ikasleak ere geldialdia egin dute udaletxeko atarian. Arratsaldean, berriz, Eleizalde Ikastolakoak atera dira kalejiran.
Kalejiran atera dira Mundakako Eskolako ikasleak ere, eta kantu kantari aritu dira herri guztian. Arratsaldean berriz, adin guztietako biztanleak batu dira, Mundakako Abesbatzagaz batera Santa Ageda bezpera biribiltzeko.
Muxikarrak eta busturiarrak bazkalostean atera dira eske koplak abestera. Lehenengoak, Urretxindorra eskolako umeekin egin dute ibilaldia, Kaltzada tabernatik hasi, Zubieta Errota udal liburutegia eta Giputziene baserria zeharkatuz eta eskolara itzuliz. Busturian, berriz, Jose Maria Uzelai eskolan elkartu dira, Hirugarren Adinekoen eta Atxurkulu elkartearen eskutik santa eskean aritzeko.Ā
Elantxoben 19:00etan izan dute hitzordua, Olaeta auzoan. Heldu zein umek koplaz bete dituzte udalerriko kaleak, portuan kantu eginez eta eguna amaitutzat emanez.






































































