Arraun elkarteko gimnasioa berritzeko lanak hasi dituzte
Bermeoko Udalak arraun elkarteko gimansioa berritzeko lanek "lauzpabost aste" iraungo dute; bitartean, bertako makinak Kofradia Zaharrera lekualdatu dituzte.

Bermeo Arraun Elkarteko gimnasioa egokitzeko lanak hasi ditu Bermeoko Udalak. Hasteko, sabaia konpontzeari ekin diote, hezetasunagatik “azala altxatuta eta jausten” zeudelako. Horrez gain, “teilatua inpermeabilizatzeko” lanakere egingo dituztela iragarri dute, “hezetazunarekin dauden arazoak konpondu asmoz”. Gimnasiako hormak margotuko dituzte, “aurpegi berritua” emateko. Izan ere, hori da arraunlariek gehien erabiltzen duten gunea.
Arraun elkarteko lanek iraun bitartean, Kofradia Zaharrera lekualdatu dituzte gimnasioko mankinak. Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotziak jakinarazi duenez, aste hauetarako “irtenbide bat” bilatzeko helburuagaz, San Pedro Kofradiakoekin harremanetan jarri ziren. Hala, “Kofradia Zaharra erabiltzeko baimena” eman zutela azpimarratu du, makinen lekualdaketa joan den astean egin zutela jakinarazteagaz batera. Modu horretan, arraunlariek Kofradia Zaharrean izango dute gimnasioa, “lauzpabost astetan” lanak amaitu bitartean. Kofradiatik erakutsitako borondatea eskertu du Ortuzarrek: “Eskerrak eman gura dizkiegu San Pedro Kofradiako arduradunei euren inplikazio eta borondateagatik”.
Udal gobernura sartu zirenean arraun elkartea konpontzeko “eskaera asko” jaso zituztela nabarmendu du zinegotziak: “Eskaera guztietan esaten zen arraun elkartearen egoera oso txarra zela, eta ondorioz, hainbat bisita egin ditugu gunera, eta orain arte, konponketa batzuk egin izan ditugu, adibidez, sistema elektrikoa, hezetasunak, leiho batzuk, komunak eta txorrotak kopontzeko lanak egin ditugu”. Era berean, sabaiaren azala altxatzen zegoela konturatu zirela gehitu du, hori lehentasun bihurtuz: “Aurten esku-hartze hau ipini dpgu helburu modura”. Gogoratu duenez, aurrekontu parte hartzaileetan bigarren geratu da Bermeoko Arraun Elkartean “hobekuntza lanak” egitearen proposamena. “Herritarren nahiak lehentasun moduan finkatzen ditugu”, zehaztu du Ortuzarrek.