Neguko jai herrikoiak, tradizioari eutsiz
Kandelerio, San Blas eta Santa Ageda jaietan murgilduta, tostada lehiaketak izan dira asteburuko protagonistak han eta hemen; Bermeon, Kandeleria Eguna ospatu dute Demikuko auzoko jaiekin batera, Rosa Mari Ortuzar nagusitu da. Busturian, berriz, San Blas eta Santa Ageda jaiei eman diote hasiera. Maite Ibarluzeak jantzi du txapela.

Tradizioa, ondarea eta herritarren arteko elkarlana uztartzen dituzte Kandelario, San Blas eta Santa Ageda jaiek. Kandelerio eguna atzo [otsailak 2] izan zen, San Blas, berriz, gaur [otsailak 3]. Hala ere, zenbait tokitan, biak ospatzeko aprobetxatu zuten atzo, hala nola Busturian eta Bermeon.Ā
Busturiarrek Axpe auzoko elizpean zuten hitzordua, 13:30ean, ohiko tostada lehiaketarako, eta herritarrek ez zuten hutsik egin. Eguraldia lagun zutela, Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldiagaz ekin zioten festari. Busturiko Kantu Kantarik hartu zuen dantzari txiki zein nagusien lekukoa, eta herritarrak kantuan jarri zituzten, Ai ze polita eta Txantxibiriren erritmora. Ordua iristean, epaileek tostada dastaketari ekin zioten, Busturiko tostada onenak norenak diren zehazteko. Hamasei parte-hartzaile zeuden, baina azkenenengo momentuan hamazazpigarrena iritsi zen; epaile eta antolatzaileek hausnartu, eztabaidatu eta parte hartzeko aukera eman zioten. Hala, guztira 17 izan ziren epaileek dastatutako tostadak.
Bai, parte hartzaileek, bai festara bertaratu ziren herritarrak adi-adi begira zituztela ekin zioten puntu gehiketari antolatzaileek, sari banaketari ekin aurretik. Egin beharreko balorazioak eginda, lehen hiru sailkatuak ezagutarazi zituzten: hirugarren saria, Alkartasuna tabernan gastatzeko 20 euroko bonoa, Javi Zupidek eskuratu zuen. Bigarrena, Zorione ileapaindegian gastatzeko 40 euroko bonoa, Antton Zearreta eta Marcela Damborenearentzat izan zen. Sari nagusia, berriz, Maite Ibarluzeak jaso zuen: txapela eta bi pertsonarentzat asteburuko menua jateko bonoa, Madarixagane Jatetxean [Madariaga Dorretxea]. Ibarluzea “pozik” agertu zen, bere izena entzuteak “ezustean” harrapatu bazuen ere. Horrez gain, parte hartzaile guztiek ardo botila eraman zuten etxera.
Sari banaketa bukatuta, herritarrak tostada guztiak probatzeko aukera eduki zuten, eta berehala amaitu ziren. Izan ere, epaimahaikideek lehiakideek aurten erakutsitako “maila altua” nabarmendu dute: “Iaz ere maila altua egon zen, baina aurten asko egon dira oso onak”. Tostada jana bukatuta, Kantu Kantarin erritmora jarraitu zuten jaia busturiarrek.Ā
Aitor Aretxaga Busturiko alkateak tostada lehiaketaren inguruan sortutako “giro aparta” azpimarratu zuen, “ekitaldi ederra” izan zela gehituta. Halaber, jai herrikoiaren aldeko alegatua egin zuen: “Hurrengo urtera arteā¦ eta bitartean, jarrai dezagun tradizioak bizirik mantentzen!”.
Demikuko jaiak.Ā
Bermeotarrek, berriz, Demiku auzoko jaiekin batera ospatu zuten Kandelaria Eguna. Goizetik ekin zioten egitarauari, Demikutik Katillotxurainoko bidea eginda. Goizean zehar, umeek jolas eta tailerrak eduki zituzten aukeran, eta Josepa Kale Kalek ekitaldia eskaini zuen. Eguerdi aldera, meza ostean luntxean elkartu ziren, ahiezko tostada txapelketaren aurretik.Ā

Argazkia: Bermeoko Udala
Zazpi izan ziren lehiaketara aurkeztu zituzten tostada platerak, eta epaimahaiak dastatu ostean, sari banaketari ekin zioten; lehenengo saria Rosa Mari Ortuzarrek jaso zuen; bigarrena, Enzo Troyak, eta, hirugarrena, Izaskun Ortuzarrek. Demikuko auzotarrentzako banatzen den saria, berriz, Mila Orbek eraman zuen etxera. Bermeoko Udalak irabazlek zoriondu eta parte hartzaile guztiei eskerrak eman zizkien, Demikun sortu zen “giro bikaina” nabarmentzeagaz batera.Ā
Gernika-Lumon, aldiz, Kandelario egunaz gozatu zuten herritarrek domekan. Herriko haurrak, gauean, kandelekin atera ziren kalera, horrela, kaleak argituz.

Argazkia: Txebi Arriaga.































































































































