Abiña Busturia dela defendatu du Busturia Bizirik herri plataformak
Busturia Bizirik Herri Plataformako ordezkariak "Busturiari Abiñako San Antonio auzoko lurrak lagatzearen alde" agertu dira Bizkaiko Batzar Nagusietan. Sukarrietak aurkeztutako txosten juridikoaren "baliozkotasuna zalantzan" jarri dute.

Busturia Bizirik Herri Plataformako ordezkariak Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretako eta Herritarrakazko hartu-emanetarako batzordean izan ziren barikuan [urtarrilak 31]. Bertan Bizkaiko Batzar Nagusiek 2017ko abenduan hartutako erabakiaren alde agertu ziren, hau da, “Busturiari Abiñako San Antonio auzoko lurrak lagatzearen alde”.
Plataformak Antonio Embid Irujo Zaragozako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradun emerituak batzorde berean aurkeztutako txostenagaz justifikatu du agerraldia. Zehaztu dutenez, Sukarrietako Udalak eskatutako txostena izan zen, eta bertan, iraganean ondoko Sukarrietari zegokion San Antonioko barrutia delakoa kentzeko prozesuan “hainbat akats juriko larri” egin izana egiaztatu zuen. Busturiarrek “zalantzan” jarri zuten Sukarrietak aurkeztutako “txosten juridikoaren baliozkotasuna”.
Busturia Biziriketik azaldu zutenez, Embidek “ez ditu ezagutzen” ez lurraldearen izaera juridikoa, ez Bizkaiko Batzar Nagusien eskumenak: “Ez du ezer aipatzen Sukarrietak Busturiko Abiña auzoa integratzeko Bizkaiko Btzar Nagusiek hartutako erabakiaren kontra aurkeztutako administrazioarekiko auzo-errekurtsoa”. Nabarmendu zutenez, helegite horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren “epaia ezetsi” zuen.
Era berean, Foru gobernua osatzen duten taldeek “auzia epaitua” izan zela gogoratu zuten, bere momentuan zegozkion “txosten teknikoak” egin zirela gehituta. Gainera, dokumentazio guztia aldundiaren esku dauden organoetara eramatea, bai Sukarrietakoa, bai Busturikoa, gerora Batzar Nagusietako “talde guztiek onetsi” zutela azpimarratu zuren. Oposizioko taldeak, bestalde, bat etorri ziren kasua “berrikusteko” aukeran, “alde biek aurkeztutako informazio juridikoa kontutan hartuta”.
San Antonio auzoa. Embiden txostenak “Sukarrietaren tesia berresten” duela nabarmendu dute Busturia Bizirikeko arduradunek. Izan ere, San Antonio auzoa barrutia ez zela zioen dokumentuak. Auzoa baina, “kalifikazio horri esker” sartu zen Busturian. Horregatik, kasua epaituta dagoela eta berriro aztertzea “materialki ezinezkoa” dela argudiatu dute busturiarrek.