Marmolaren gorria, 269 hildakoen zauriaren gordeleku
Gernikako gerra presoen ospitale militar izandakoa memoria leku modura seinaleztatu dute gaur [urtarrilak 31]. Bertan zendutako zenbait gatiburen senideak egon dira, Pipergorri elkarteko lantaldeaz gain. Ordezkari politiko eta instituzionalek "memoria demokratikoan urrats handia egin dela" azpimarratu dute.

Erlatiboa da denbora. Sakona, zaurien orbaina. Egungo Gernika-Lumoko institutua dagoen Agustindarren ikastetxe zaharrean kokatuta egon zen, urte biko iraupenez, Gernikako gerra presoen ospitale militarra: 1938ko ekainaren 2a eta 1940ko ekainaren 3a bitartean. Bertan zendu ziren gutxienez 269 gerra preso. Gaur [urtarrilak 31] epe eta toki hartan bizitza galdutako guztiak omendu dituzte: ospitale militarra memoria leku modura seinaleztatzeko ekitaldi instituzionala egin dute.
Bertan egon dira Pipergorri Kultur Elkarteko kideak, baita ere gotorleku ilun hartan hildako zenbait presoren senideen ordezkaritza ere, eskualdeko udalena, Espainiako Gobernuarena, Gernika BHIko lantaldearena edota Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarena. Memoria historikoari merezi duen plaza eraiki diote. Jose Ibarrola artista plastikoak eskualdeko marmol gorriz eginiko monolitoak gordeko du aurrerantzean gerraosteko oinazearen eta giza sufrikarioaren gogorarazpena, ospitale militarren informazio panelagaz batera.
Gerra ospitale izandakoak iazko apirilean jaso zuen ofizialki memoria leku izaera, Memoria Demokatikoaren Estatu Idazkaritzaren 2024ko martxoaren 13ko Erabakia tarteko, Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legeari jarraiki. Funtsean, ospitale hartan zendutako jatorri denetako herritarrak gogoratzen eta omentzen ditu arau horrek. Gerra preso horietako gehientsuenak gaixotasun kutsakorren ondorioz zendu ziren, kasurako, %80 tuberkulosiak jota. Hori ez ezik, beraien sorterriekiko urruntasunagatiko “bakardadeak eta tristeziak” jipoituta hil zirela azpimarratu dute. Hildako gehienak Zalloko hilerrian lurperatu zituzten; bertan dirau 269 Memorialak oroigarriak. Familiei, kasurik gehienetan, ez zieten heriotzen berri eman, eta senideek desagertutzat jo zituzten, zein egoeratan galdu ote ziren jakin ezinik.
Jose Mari Gorroño: “Sufrimenduaren aurrean ezin da beste alde batera begiratu. Memoria konpromisoa eskatzen duen ekintza politikoa da”
Gaurkoan hitza hartzen lehendabizikoa Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño izan da. “Isildutakoei ahotsa” emateak duen esangura plazaratu du, legezko babesaz gain, biktimek “aitzatespen sinbolikoa” behar dutela nabarmenduz: “Beraiei zor zaien gizatasuna aitortzeko bidea da. Gaurkoa ez da omenaldi soila, bizitzaren eta giza eskubideen narratibaren alabantza baino; giza bizitza orok inporta du, eta sufrimenduaren aurrean ezin da beste alde batera begiratu. Memoria konpromisoa eskatzen duen ekintza politikoa da”.
Alberto Alonso: “Memoriaren alde lan egiten duten elkarteek bete dute erakundeek bete ez duten funtzioa, eurek eman diote ahotsa isiltasun instituzionalari”
Gogora Institutuko zuzendariak, Alberto Alonsok, “ahaztutako kolektiboei” berba eman gura izan die: “Euskaldunak, andaluziarrak, asturiarrak, katalanak, gaztelarrak, valentziarrak, nazioarteko brigadistak… demokratikoki hautatuaren alde borrokatutako denetariko profilak egon ziren ospitale honetan, injustiziaren aurkako borrokan eta oinarrizko eskubideen defentsan”. Diktadura frankistak ezarritako isiltasunaren ondoren, “bigarren isilunea” pairatu zutela azaldu du: “Gernikako bonbardaketaren gerizpean bizi izan dira, historiaren bigarren mailara baztertuta”. Horren aurrean, memoriaren alde lan egiten duten elkarteen ekarpena goratu du: “Ahazturari militantziaz eta altruismoz erantzuna emanez, etxez etxe eta orrialdez orrialde aritu direnena. Eurek bete dute erakundeek bete ez duten funtzioa, eurek eman diote ahotsa isiltasun instituzionalari“.
Alonsok iraganera nahiz etorkizunera begiratzeko betaurrekoak janzteko deialdia luzatu die bertaratutako guztiei: “Ez ditzagun begiak zarratu gure iraganaren aurrean, hura mingarria eta gogorra izanda ere. Eta, elkarbizitza gorrotoz zein intolerantziaz zikindu gura dutenen aurrean, altxa dezagun ahotsa; bizitza modu injustuan emandakoei eta biharko memoria eraikiko duten belaunaldi berriei zor diegu”.
Andoni Agirre: “Sustraietara jotzeko lanabes aproposa da hezkuntza; ezagutzaz doitzeaz gain, zentzu kritikoz janzten du gizakia”
Hezkuntza da bidegabekeriaren eta bortizkeriaren pozoiaren kotrako antidotua. Hezkuntza da ate ororen giltza. Atzo ospitalea zena institutua da egun. Horrenbestez, Gernika BHIko komunitateak ere ez du galdu egun berezian parte hartzeko aukera. Ikasleek, heldu diren eta helduko diren gizaldiek, hitz egin dute, baita institutuko zuzendari Andoni Agirrek ere. “Ziztu bizian” doan mundu globalizatuaren aurrean, “sustraietara” jo du Agirrek: “Horretarako, hezkuntza lanabes aproposa da; ezagutzaz doitzeaz gain, zentzu kritikoz janzten du gizakia”. Transmisioan ipini du fokua zuzendariak, “esperientzia denak onartuko dituena eta, informatzeaz gain, transformatu egingo duena”.

Pipergorri Kultur Elkarteko kideak.
Sufrimenduaren kontakizuna.
Pipergorriko kideek ere tokia eduki dute, hainbeste lan egin duten plazan. Jose Mari Sahelicesek eta Amagoia Lopez de Larruzeak. Identifikazioa, dokumentazioa eta zenbaketa, difusio lanaz gain, izan dira Pipergorriko partaideen beharraren ardatz nagusiak. Zuzeneko lan baliotsua egin dute urte luzez, memoria berreskurapena, transmisioa eta bilketa iparrorratz. Lopez de Larruzeak adierazi modura, gerra ospitalean gertatutakoa gernika-lumotarren “memoria kolektiboan uztartu behar da”.
Amagoia Lopez de Larruzea: “Familia barruko dolua ezagutu dugu, eta sufrimendu horren partaide egin gaituzte senideek”
Proiektuaren giza dimentsioa izan da elkartekideen bidearen norazkoa: “Familia barruko dolua ezagutu dugu, eta sufrimendu horren partaide egin gaituzte senideek”. Pipergorrik, egiten dituen ekimen eta aurkezpenetan, 269 gerra preso errepublikarren izen-abizenak omendu ohi ditu, banan-banan, “izenez eta izanez”. Gaurkoan, haietako zenbaiten senideak bertaratu direla probestuz, gutxi batzuen inguruko pasarteak oholtzaratu dituzte.
Martin Gabika-Aldekoa Idarraga nabarniztarra Gallartan gaixotu zen, eta 26 urtegaz zendu, gerra ospitalean. Hil ostean, bere senideek gorpua sorterrian ehortzi ahal izan zuen. Hori lortutako “bakarrenetakoa” da. Ildefonso Navas Velasco, ostera, Sestaoko Navaleko jornalaria izan zen; bere heriotzak alarguna, bederatzi seme-alaba eta galderaz beteriko bizitza utzi zituen. Galdera horiei erantzuna eman die Pipergorrik, “neurri batean bada ere”.
Batiste Gonzalvez Juan El Altet (Alacant) herrikoa zen jaiotzaz, eta bere familiak 2022ko maiatzean jakin zuen hura ere ospitalean hil zela. Gonzalvez ere, gerrara joan zen, baina sekula ez itzuli; 19 urtegaz egon zen Gernikan. Fernando Iturribarria Miguel 1940ko otsailaren 9an hil zen, Frantziara ihes egiten saiatu eta harrapatu ostean; bere familiak 2023an jakin zuen hura ere gerra ospitalean egon zela. Gernikan hil zen, 22 urtegaz, tuberkulosiak jota. Horien guztien senideak egon dira gaurkoan, baina gainontzeko guztiak ere omendu dituzte: “Euren memoria ezin dugu galdu”.
Begoña Fernandez: “Hilobi baten faltan, jadanik badago aitari eta gainontzeko presoei loreak eroan ahal izateko leku bat”
Kasu guztien artean distira berezia hartu du, baina, Constantino Fernandez Ikazarenak. Izan ere, bere alaba Begoña Fernandez ekitaldian izan da. Hura izan zen ospitalean senide bat bisitatzeko aukera eduki zuen senide bakarretakoa: “Amak eta biok bisitatu genuen geure aita; sufrimendua gorabehera, zortedunak izan ginen, hura azken aldiz ikusteko aukera edukitzearren. Trenetik jaitsi berri, kaleak bonbardaketaren hondakinez gainezka eta jendez hustuta ikusi genituen; aita leiho alboan topatu genuen, bakarrik. Amari gauza bakarra eskatu zion: gu ez abandonatzeko. Handik aldi batera, Muskizko zentralera eginiko dei batek esaldi bakarragaz aldatu zigun bizitza. Constantino Fernandez hil egin da, zioen. Ordutik aurrera, ez genuen haren heriotzaren inguruko deus jakin, gaur arte. Hilobi baten faltan, jadanik badago toki bat aitari eta gainontzeko presoei loreak eroan ahal izateko leku bat”.

Begoña Fernandez, ospitalean zendutako Constantino Fernandezen alaba.
Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkariak, Fernando Martinezek, azpimarratu du Bigarren Errepublikaren alde bizitza emandako gizon-emakumeek “ez zutela alferrik egin”: “Orduko zentralizazioaren eta zurruntasunaren aurrean, beren esku zegoen dena egin zuten”. Haiek ereindako hazia Gernika-Lumon ernaldu dela azaldu du: “Gaurkoa moduko ekitaldiekin, diktadurak lapurtutako duintasuna bueltatzen diegu biktimei; tankerako ekimenak nahitaezkoak dira”. Pipergorriren memoria indusketa ere ahotan eduki du idazkariak: “Memoria demokratikoaren lanketan, funtsezko lana egiten dute”.
Fernando Martinez: “Askatasun zibilak lortzeak urte askoko lana behar izan du, baina une batean gal daiteke. Beraz, gazteengan kultura hori bultzatzea da aterabide bakarra”
Memoria zutabe duten ekimenak institutu baten aurrealdean egitea, hain zuzen “gako” dela adierazi du Martinezen: “Memoria ez da adinekoen langaia, den-denona baino. Iraganeko triskantzak ez errepikatzeko bide bakarra hezkuntza zentroetan biktimak, erbestea, errepresioa eta, finean, memoria demokratikoa txertatzea da, batez ere, egungo politikari askoren populismoaren eta neofaxismoaren aurrean. Askatasun zibilak lortzeak urte askoko lana eskatzen du, baina une batean gal daiteke. Beraz, gazteengan kultura hori bultzatzea da aterabide bakarra”.
Pipergorrik bultzatu du Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrak gernikarren memoria kolektibo eta publikoan ezartzea, eta “oso positibotzat” hartu du proiektuagaz lotutako instituzioen arteko lan kolaboratiboa eta finantziazioarena, “horrek ekarri duelako gune horren seinaleztapena”. Hala, gogoratu du ekintza horrek Gernika-Lumo Memoriaren leku izateagaz.
“Gizarteak badauka memoriaren zorra ospitalean hildako 269 preso errepublikarrekin, eta horrelako jarduerak aurrerapausoa dira horrenbeste urtetako ahanztura gainditzeko. Begoña Fernandezek, bertan hildako baten alabak, esandako azken berbak “memoria eta duintasuna” garrantzi handikoak dira eta Pipergorrik be bereak egiten ditu”, argudiatu dute elkartekoek