Independente Eguna hartuko du Astrak
Herritar Kazetaritza Burujabeak eta Gune Irekiaren Lagunak taldeek Independentea Eguna antolatu dute zapatuan [otsailak 1]. Goizean gune irekia zabalduko dute Astran, eta gero, bertso bazkarian elkartuko dira.

Independentea kolektiboak mugarria ezarri du 2020an hasita, herri kazetaritzan. Ordutik, ekimenaren inguruan lagunarte bizi-bizia eratzen ari dira. Goizuetan bertso-afaria antolatu zuten, eta Elosun, berriz, udako baraualdia. Orain, ostera, Independentea Eguna hartuko du zapatuan [otsailak 1], Gernika-Lumoko Astrak. “Elkarrekin ikasten jarraitu, elkarrekin hazi eta ospatzeko eguna” izatea nahi dute.
Egitaraua hiru zatitan banatu dute. Goizean, 09:30etik 14:30era, gune irekia zabalduko dute. Hau da, saioaren hasieran parte hartzaile bakoitzak hitz egin nahi duen gai bat proposatuko du, eta goizean zehar bakoitzak emandako gaiaren inguruko hausnarketa eta solasaldi tarte bat zabalduko dute. Batzar “ireki eta oso parte hartzailea da, auzoan, eskualdean eta mundu osoan zehar pil-pilean” diren danetariko gaiei buruz jardun ahal izateko: “Gune ireki honetan, Independentean jorratu ohi ditugun gaien inguruko ikasgune jarraia abiatu nahi dugu. Online izaten ohi ditugun elkarrizketa bizi horiek aurrez aurre izateko aukera sortu, elkarrengandik ikasten jarraitzeko. Etorritakoek nahi dituzten solasgaiak edo jardunak proposatuko dituzte, eta gai horiek guztiek mamituko dute goizeko topagunea”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, behin baino gehiagotan egin duten dinamika da, eta “emaitza oso onak” ematen dituena: “Azken batean, espazio ireki bat da, non bakoitzak bere gaia proposatzen duen, eta gainontzekoek horren inguruko haien iritzia, ikuspuntua edota galderak jaurtitzen dituzten. Ondorioz, erantzun desberdinak agertzen dira, eta ekimen oso aberasgarria da parte hartzaileentzat”. Tartean, eten bat egingo dute, hamaiketako arin bat jateko.
Gero, indarrak berreskuratzeko, bertso bazkaria antolatu dute. Hasieran hiru bertsolarik parte hartuko bazuten ere, azkenean Iratxe Ibarra ezin izango da osasun kontuengatik Gernika-Lumora hurbildu. Fredi Paya eta Arkaitz Estiballes bertsolari beteranoek hartuko dute hitza: “Gune irekiaren moldeagaz bat eginez, modu librean arituko dira, eta entzuleen parte hartzea erraztuko dugu”.
Elkarlana
Bazkaria Ortutik Ahora Elkarteak prestatuko du bertoko produktuekin. Barazki jaleentzako aukera ere jarri dute. Gainera, nork bere janaria etxetik eramateko aukera egongo dela aurreratu dute, gero, Astran berotu ahalko dutena. Martitzenean amaitu zen bazkarian izena emateko epea eta 50-60 pertsona elkartuko direla esan dute: «Hala ere, etxetik janaria eramanda ere parte hartu daiteke, 10 euro ordainduta».
Bazkaldu ostean, Astratik atera eta udalerriko kaleak hartu nahi dituzte. Kalejira egingo dute herriko kaleetatik, eta horrela amaituko dute Independentea Eguna: musika, dantza, bertso eta kantu artean.
Gernika-Lumora heltzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Hala ere, hurrengo herrietatik joango diren lagunen autoetara batzeko aukera ere eman dute: Gipuzkoatik, Azpeitia, Beasain eta Donostia; Nafarroatik, Amaiur eta Erratzu; Bizkaitik, Algorta, Bakio, Galdakao, Mungia, Markina-Xemein, Munitibar eta Natxitua. Interesa izatekotan burujabetzen@gmail.com posta elektronikoa ahalbidetu dute.