Urdaibai Luruna, Bizkaiko txapeldun
Urdaibai Luruna eskubaloi taldeko Bizkaiko Txapelketa irabazi du, gazte kategorian. Gainera, Euskal Ligara igotzeko Lauko Finala lehiatuko dute, Isla Kalen.

Urdaibai Luruna eskubaloi taldeak Bizkaiko Txapelketa irabazi du, emakumezko gazte mailan. Lehen fasean Errotabarri taldearen kontra partidu bi galduta ekin zioten mundakarrek lehiari, eta beraien multzoko bigarren postuan burutu zuten lehen txanpa hura. Bigarren postuak txapelketa jokatuko zuen Lauko Finalaren lehian sartu zuen Urdaibai Luruna, Muskiz, Zuazo eta Errotabarri taldeekin batera.
Lehen faseko burukominak ahaztuta, Lauko Final gogoangarria egin zuten, hautagai nagusiak ez zirela jakinda ere. Finalaurrekoa Zuazoren kontra jokatu zuten. “Partidu oso gaitza izan zen, eurak baitziren faborito; ligaxkako partidu biak irabazi zituzten eta, gainera, beraien kontra galdu genuen aurretiaz, denboraldiaurreko lagunarteko partidu batean”, azaldu dute taldeko ordezkariek. Edozelan ere, haginak erakutsita eta joko paregabeagaz, garaipen preziatua lortu zuen Urdaibai Lurunak. Lehen zatia “oso estua” izan zen, eta berdinketagaz amaitu zuten talde biek. Bigarrenean, urrats bat aurrera egin zuten mundakarrek, eta 30 eta 26ko markagailuagaz irabazi.
Final handia Errotabarriren kontra jokatu zuten. “Liga partiduetan beti irabazi izan digun taldea da, nagusitasun osoz, gainera”, adierazi dute. Hautagaitzak pisu handia du beregain, baina, eta hori argi geratu zen, Busturialdeko taldeak inolako lotsa edo presio barik jokatu baitzuen, maila harrigarria plazaratuz. Mailaz gain, emaitza ere aldekoa izan zute: 33 eta 30. Markagailu horrek benetako jokoa “ez duela islatzen” nabarmendu dute: “Uste baino hobeto aritu ginen, baina maila handi hura ezin izango genuen hain eroso markagailuan islatu”.
Lauko Finalera sailkatzea oinarrizko helburua izan da Urdaibai Lurunarentzat, baina hortik irabazteko urratsa egitera “aldea” dagoela azpimarratu dute: “Ez genuen garaipena lortzerik espero; alde horretatik, lorpen handia egin dugu”. Bizkaiko Ligan maila aparta erakutsita, Urdaibai Lurunaren hurrengo erronka handia Euskal Ligara jauzia egitea da. Hain zuzen, play-offak lehiatuko dituzte otsailaren 7a eta 9a bitartean, Isla Kalen. Zuazo, Pulpo eta Bidasoa izango dira euren arerioak: Zuazo aspalditik ezagutzen dute; Bidasoa Gipuzkoako Ligako bigarren taldea da; azkenik, Pulpo Euskal Ligan dabilen taldea da, hautagai nagusia, maila horretatik ez jaistearren borrokatu beharko duena.