Mugi Dantza Tailerra eskainiko dute, bosgarrenez
Mugi, Dantza Mugimendu Terapiak eskainiko du Gizarte Ongizaterako Sailak "emakumeen ahalduntzea eta jabekuntza" sustatzeko antolatutako bost saioz osatutako tailerra. Lehenengo saioa bihar [urtarrilak 29] izango da, 18:00etan, udal zaharren egoitzako gimnasioan.
Bermeoko Udalak Mugi Dantza Tailerra eskainiko du, beste urte batez. Aurreko urteetako “emaitza onak” eta parte hartzea kontutan hartu ditu dituzte, Gizarte Ongizaterako Sailak antolatzen duen ikastaroa bosgarren aldiz eskaintzeko; izan ere, tailerra sail horretako erabiltzaile diren emakumeei zuzenduta dago.
Jakinarazi dutenez, programak bost saio izango ditu, eta lehenengoa bihar bertan [urtarrilak 29] izango da. 18:00etan jarri dute hitzordua, udal zaharren egoitzako gimnasioan. Saioak bi orduko iraupena izango du, eta Mugi, Dantza Mugimendu Terapiak elkarteak eskainiko du. Tailerra doakoa da, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuna, Lankidetza eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusiko diru-laguntza batek babesten duelako.
Gorputza eta mugimendua.
Tailerra osatuko duten bost saioetan zehar, parte hartzaileek “gorputza eta burmuinaren arteko eta mugimendu eta emozioen arteko konexioa” arituko dira, talde esperinetzien bitartez, “emakumeen ahalduntzea eta jabekuntza” sustatzeko helburuagaz. Nabarmendu dutenez, gizartean emakume eta gizonen arteko “berdintasuna indartzeko tresna ezberdinak” eskainiko dira.
Gorputza eta mugimendua; horiek izango dira Mugi Dantza Tailerrean parte hartzen dutenek lan egiteko erabiliko dituzten tresna nagusiak, “esperientziak gorputzera eramanez”. Horretarako, “ikerketa pertsonalerako” espazio bat proposatuko zaiela azaldu dute, dantza eta mugimendu sortzaileen bitartez, “ahaztuta edo erdi lo izaten diren gorputzekin konektatuz”. Hala, pertsona bakoitzak bere gorputzarekin duen harremenean sakonduko duela nabarmendu dute: “Esplorazio eta mugimendu sortzaileen bitartez, bakoitzaren identitatearen ezagupenean sakontzen dute. Gorputzaren kontzientzia indartzeak, gorputzaren eta identitatearen “onarpena eta zaintzea” dakartzala ondorioztatu dute, eskubideetan, beharrizanetan, indarretan, emozioetan eta “limiteen ezagupenean” sakonduz.
Gorputzaren maitasuna era onarpena ere jorratuko dituzte saioetan zehar, gorputzak pertsona bakoitzaren “izatearen informazioa” ematen baitu: “Emakumeok gure gorputzean sufritzen ditugu gizarte patriarkal honen ondorioak, eta horiek gure izatearen askatasunaren kontra doaz”, adierazi dute Mugi, Dantza Mugimendu Terapiak elkartetik.
Sare “polita”.
Tailerraren aurreko lau aldietan adin tarte eta herrialde ezberdinetako “10-15 emakume inguru” batu zirela gogoratu dute udaletik, beraien artean “sare polita” sortzen dutela azpimarratuta: “Hori da gehien baloratzen dutena”. Izan ere, Gizarte Ongizaterako Sailetik azaldu dutenez, esperientzia modu “oso positiboan” baloratua izan da emakumeen artean eta parte hartzaileak “eskertuta” agertzen direla Tailerrean auto-zaintzarako “espazio seguru” bat aurkitzen dute emakumeek, eta talde baten parte sentitzeaz gain, “gorputzaren kontzientzia hartzeko” ere balio izaten die.