Inoiz baino sortzaile gehiago izango ditu Udalbiltzaren III. Geuretik Sortuak egitasmoak
Jon Ander Urresti bermeotarra dago tartean, Busturialdeko bi herritan egonaldiak egingo dituzte sortzaileek.
Joan den barikuan [urtarrilak 24] aurkeztu zituzten sortzaileak Iruñean. Udalbiltzak antolatutako ekitaldian, III. Geuretik Sortuak proiektuan parte hartuko duten udalerrietako ordezkariak, beka lortu duten sortzaileak eta proiektuko bidelagun politiko zein teknikoak elkartu ziren.
Literatura, komikigintza, zinegintza eta antzerkigintza alorretako 30 proiektu hautatu dituzte, inoiz baino gehiago. Tartean dago Jon Ander Urresti bermeotarra, literaturaren alorrean, Usurbilen egingo du egonaldia. Sortzaileek, beka baten bitartez, egonaldiak egingo dituzte 30 herritan edo herri multzotan. Hain zuzen ere, Busturialdeko bi herri daude zerrendan, Ajangiz eta Muxika, Imanol Epeldek antzerkigintza alorrean bi herrietan egingo du egonaldia.
Iazko urrian beka deialdia zabaldu zuten eta asteleheneko ekitaldia aurkeztu zituzten, baita aurten parte hartzera animatu diren euskal udalerri guztiak ere. Bai sortzaileak, baita haiek hartuko dituzten herriak edota herri multzoak ere –kasu batzuetan herriek taldeka parte hartuko baitute– 30 izango dira; inoiz baino gehiago.
Iruñeko partehartze eta euskara zinegotzi Aitziber Campionek egin zion ekitaldiari harrera. Ostean, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak eta Begoña Enbeita Muxikako alkatea eta euskara eta kultura arduradun politikoak hartu zuten hitza, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, baita bertan parte hartzera animatu diren udalerriei merezi dituzten eskerrak emateko ere.
Ekitaldiko protagonista nagusiak, ordea, udalerrietako ordezkariak eta hautatutako sortzaileak izan ziren. Herriei dagokionez, Berriatuako alkate Joseba Goienolak hartu zuen hitza. Berriatuarrak edizio guztietan mantendu den udalerri bateko ordezkari gisa bota hitza egin zuen, “esperientziatik eta egitasmoaren hazkundea ikusi izanaren harrotasunetik”.
Abenduan osatu zen balioespen batzordean, goi mailako epaimahaia izan da beka jasoko duten sortzaileak hautatzearen arduradun: Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Esti Urresola zinegintzan.