Jatetxe Nabarniz eta Angel Txertudi, Euskadiko txapeldun
Aulestin lehiatu dituzte asteburuan Zaldi Nagusien eta Kinttopekoen Euskadiko Txapelketak, eta denetan onenak izan dira Jatetxe Nabarniz eta Angel Txertudi, zaldi mando eta kinttopeko lehietan, hurrenez hurren.
Zaldi Nagusien eta Kinttopekoen Euskadiko Txapelketak lehiatu dituzte asteburuan Aulestin, eta Jatetxe Nabarniz eta Angel Txertudi gailendu ziren, hurrenez hurren; iaz ere, Aulestin lehiatutako probetan onenak izan ziren eurak. Probak 800 kiloko harriarekin lehiatu zituzten, eta neurketak parekatuak izan ziren antolatzaileen berbetan: “Orokorrean proba onak eta parekatuak ikusi ditugu, eta jendea ere polito bertaratu da. Orokorrean, ondo joan dira”.
Hala, 60 untza lortuta, zaldi nagusien lehiaketako manta eta txapela eskuratu zituen Kepa Zubizarreta nabarniztarrak. Gertu ibili zen Enkarterri Tour Power, irabazleak baino bi untza gutxiago lortu baitzituen: 58 untza eta 1,22m-ko marka egin zuen. Hirugarren postua, aldiz, Garciarentzako izan zen, 52 untza, 3/4 eta 5,56 m-ko markagaz.
Kinttopekoetan, Txertudi, Jatetxe Nabarniz eta Aulestiko Ibekohondo aritu ziren lehian, eta denetan onena izan zen Txertudi busturiarra. 66 untza lortuta irabazi zuen, eta berak baino ia bederatzi untza gutxiago egin zituen Ibakohondo bigarrenak: 57 untza eta 5m-ko marka egin zuen. Jatetxe Nabarniz izan zen hirugarrena, 56 untza eta 3,10 metroko emaitzagaz.
Aulestiko Udalak eta Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatutako txapelketetara sailkatutako hiru partaideak iazko probetan puntuazio gehien lortu zituztenak izan ziren, eta euren artean erabaki zen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako txapela.