"Arrakastatsua" izan da Gernikako lehen Taekwondoko ITF Promozio Txapelketa
Tatamiz eta taekwondistaz bete zen zapatuan (urtarrilak 25) Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia. Gernika-Lumok lehenengoz hartu zuen promozioko taekwondo lehiaketa, eta "maila izugarria" eskaini zuten parte hartzaileek.
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia bost tatamik jantzi zuten zapatuan (urtarrilak 25), bertan elkartu baitziren 226 taekwondista. Taekwondoaren epizentroa izan zen pilotalekua, Gernika-Lumon egiten zuten lehen Taekwondoko ITF Promozio Txapelketan elkartu baitziren bertan. Eta, antolatzaileen berbetan, “guztiz arrakastatsua” izan zen lehen aldia.
“Taekwondoko promozio txapelketa honen lehen edizio hau arrakasta handikoa izan da. Kirolari guztiak maila itzela erakutsi dute, modalitate bakoitzean teknika, diziplina eta jarrera bikaina erakutsiz”, azpimarratu du Daniel Urbez TAE Gernikako entrenatzaile eta lehiaketako antolatzaileak.
Izan ere, zazpi eskoletako taekwondistak elkartu zituen lehiaketak: TAE Gernikako, Alianzako, Juche Barcelonako, Tkd Barakaldoko, Konectako, Gimnasio Seuleko eta Yong-Gam eskolako lehiakideek parte hartu zuten, formak —banaka eta taldeka— eta borroka —surrez ezarritakoa eta banakakoa— modalitateetan. Eta, adin guztietako kirolariek parte hartu zuten, ze, Gernikakoa promozio lehiaketa izan zen: sei urtetakoetatik eta beteranoenetara artekoek parte hartu zuten, gerriko zuritik hasi eta gorria edo beltza dutenetara arte.
Hala, egunaren amaieran, hiru eskolarik onenei dominen rankingaren araberako sariak eman zitzaizkien, eta lehen sariduna Santanderreko Gimnasio Seul izan zen. Ostean geratu ziren etxekoak, TAE Gernikakoak, urrezko 16 domina, zilarrezko 18 eta brontzezko 25 eskuratuta. Hirugarren postuan, berriz, TDK Barakaldo eskolakoak geratu ziren.
Lehen urratsa.
Dioetez, zapatukoa hurrengo txapelketetarako lehen urratsa da, “etorkizun handia dakarren abiapuntua“; izan ere, horrelako ekitaldiek taekwondoa ezagutarazten eta zabaltzen laguntzen dute, hala Gernikan, nola Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. “TAE Gernikak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako taekwondoaren hazkundeagaz eta bikaintasunagaz duen konpromisoari eusten dio”, esan dute.
Izan ere, taekwondoa sustatu nahi dute: “Psikologikoki, emozionalki zein fisikoki laguntzen duen kirola da, taldean edota banaka gauza daitekeena, eta onura asko eskaintzen dituena, osasunari eta errendimenduari dagokienez”. Izan ere, inguru honetan ez daudela arte martzialak lantzen dituzten eskola asko dio Urbezek, eta gutxiago direla taekwondokoak gehitu du.
Azpimarratu dute taekwondistez gain 26 epaile eta 30 boluntario inguru aritu zirela epaile eta kudeaketa lanetan, eta bai lehiakide, bai epaile, bai entrenatzaile, bai entolatzaileei euren laguntza eskertu diete TAE Gernika klubekoek.