VII. Etxera Trail bertan behera geratu da
Biharko alerta laranja dela eta, Gernika-Lumoko VII. Etxera Trail lasterketa bertan behera utzi dute. Hurrengo urtean "indarberrituta" bueltatuko direla adierazi dute antolatzaileek.
Biharko (urtarrilak 26) iragarri den alerta laranja dela eta VII. Etxera Trail bertan behera utzi dute antolatzaileek. Erabaki zaila izan den arren, parte hartzaile guztien ongizatea kolokan jar daitekeenez, erabaki zail hau hartu behar izan dutela nabarmendu dute, halaber.
Jakinarazi dute, parte hartzaile guztiek ordaindutako dirua bueltan jasoko dutela hurrengo egunetan zehar. “Datorren urtean bueltatuko gara indarberrituta”, adierazi dute pena handiz, baina herriaren parte hartzea urtero bezala behar beharrezkoa izango dela gaineratu dute, hurrengo urtera begira jarriz. Lasterketaren funtsa gogoratu eta honakoa aldarrikatu nahi izan dute, oro har: “Jarrai dezagun Preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratzeko bidean borrokan. Aldarria ez dadila eten: Denak etxera!”.