Euria ez da oztopo izan
San Polikarpo jaien baitako Herri Lasterketari ekin diote gaur goizean zehar Gautegiz Arteagan. Gizonezkoetan Paul Hormaetxea izan da txapela jantzi duena; emakumezkoetan, aldiz, Ane Gurtubai.
San Polikarpo jaiak goi-goitik ari dira ospatzen arteagarrak gaur, egun osoko jai giro herrikoiagaz. Nahiz eta San Polikarpo eguna bihar den, herrian gaur (urtarrilak 25) egin dute ospakizuna. Goizean, oro har, iragan urtean berreskuratutako Herri Lasterketan murgildu dira herritarrak. Kanpotik hurbildutako hamaika korrikalari ere izan dira kirolaz gozatzen. Ā Adin tarteka banatuta egin dute korrika, euren adinera egokitutako ibilbideagaz: 2-5 urte bitartekoak irtengo dira lehenengo, 6-8 urte artekoak gero, eta 9-11 urtekoak ostean. Txikitxoenak izan dira, beraz, goizari hasiera ematen lehenak, 11:00etan. Garrantzitsuena parte hartzea eta lagunartean ondo pasatzea dela jakin badakite, horregatik, lehiakortasuna alde batera utzita, parte hartzaile guztiek domina bana hartu dute lasterketaren amaieran.
11:30ak aldera, nagusien txanda izan da. 5,5 kilometroko ibilbidearekin ausartu dira korrikalariak, eta euria eta haizea ez dira oztopo izan beraientzat. Fin-fin aritu dira izena emandako 30 parte hartzaileak. Gizonezkoen kasuan, Paul Hormaetxeak txapela jantzi duen arren, helmugara bigarren heldu den IƱigo Praderak eta hirugarren postua eskuratu duen Xabier OtiƱanok ere saria eta txalo xaparrada jaso dute Gazteluzar Txokoan, lasterketa amaitu bezain laster. Emakumezkoetako irabazlea Ane Gurtubai izan da, eta bigarren eta hirugarren postuak Irati Zabalak eta Ester Zarandonak lortu dituzte. Gautegiz Arteagako alkate den Patrik Saitua oso eskertuta agertu da, gainera, parte hartzaile guztiekin.Ā
Hori ez da guztia izan, baina, herrian. Kirol festak zurrun jarraituko du egun osoan zehar, Pala Txapelketako finala lehiatuko baitute frontoian, 16:00etatik abiatuta. Gautegiz Arteagako Pala kluba sortu zuten joan den urtean udalerrian, eta hori sortu zutenetik kirol horrek presentzia are eta handiagoa du bai herrian, bai eskualdean. Musikak ere herriko kaleak hartuko ditu, izan ere, Esna Gazte ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute arteagarrek Pala Txapelketa amaitu bezain pronto. Bertan, egungo eta betiko abestiekin dantza egin eta familiarekin gozatzeko aukera paregabea izango dute bertaratzen direnek.