Gazako su-etenaren hasieraren balorazio positiboa egin du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak
Iragan domekan (urtarrilak 19), Israelgo Gobernuak eta ordezkaritza palestinarrak "liskarraren amaieraren hasiera" indarrean sartzea adostu zuten, eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak "positibotzat" hartu du berria.
“Garaia da sakoneko arazo politikoari heltzeko, krisi humanitarioari aurre egiteko, nazioarteko komunitatea erantzule egiteko eta elkartasuna aktiboki mantentzeko”. Horrela azaldu du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, Gazako su-etenaren hasierarekiko. Izan ere, iragan domekan (urtarrilak 19), Palestinako herriak bonbardaketa gehiago jasan eta minutu gutxira, Israelgo Gobernuak eta ordezkaritza palestinarrak “liskarraren amaieraren hasiera” indarrean sartzea adostu zuten.
Horrekiko, Gernika-Palestina Deialdi herritarrak su-etenaren hasiera “zuhurtasunez txalotu” du, “horrelako akordioen hauskortasun historikoa dela eta”. Dena ez da positiboa, ordea. Hala da, orain arteko balantzea egin duela deialdi herritarrak: “Gutxienez 46.500 palestinar hil dira genozidioan, eta biktimak eta izen-abizenak dituzte. Gainera, zerrenda ia erabat suntsitu da, Gazara nazioarteko komunitatearen konplizitatearekin 80.000 tona lehergai jaurti ondoren. Hori kontuan izanda, hamarkadak beharko dira eremua berreraikitzeko”.
Balantze “atsekabegarri” horren aurrean, sakoneko arazo politikoari heltzeko elkarrizketarako eta negoziorako garaia dela azpimarratu dute, halaber. Eta palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea irmo defendatu dute. “Epe laburrean, krisi humanitarioari aurre egiteko garaia da, Palestinarekiko elkartasuna aktiboki mantentzeko irekitzen ari den balizko berreraikitze prozesu honetan, eta nazioarteko komunitatea erantzule egiteko, benetan inplika dadin, irtenbide iraunkorrak bilatzen eta, batez ere, lehendik dauden ebazpenak eta etorkizunean hartuko direnak betetzen”, gaineratu du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak.