Taekwondoko ITF Promozio Txapelketa, ate joka
Jai Alai pilotalekuak taekwondoko ITF Promozio Txapelketa hartuko du zapatuan [urtarrilak 25], egun osoan. Espainia osoko sei talde bertaratuko dira lehiara, baita etxeko klub TAE Gernika ere.
Euskal Herriaren eta Espainiaren luze-zabalean lehia bete-betean aritu ondoren, Gernika-Lumon, etxean, lehiatuko dira asteburu honetan TAE Gernika taldeko kideak. Izan ere, Jai Alai pilotalekua ITF Promozio Txapelketaren kokaleku izango da datorren zapatuan [urtarrilak 25], egun osoko egitarauagaz. Goi mailako taekwondo txapelketa atondu dute gernika-lumotarrek, eta punta-puntako taldeak elkartuko ditu, 09:00rak eta 17:00ak bitartean.
Etxeko klubaz gain, honako hauek izango dira lehiaketako parte hartzaileak: TDK Barakaldo, Club Gimnasio Seul de Santander, Club Konecta Academy, Club Juche Kwan Escuela Artes Marciales, Club Alianza Artes Marciales eta Club Yong Gam Escuela Artes Marciales. Frontoiaren kantxan ipinitako bost tatamiren gainean lehiatuko dute txapelketa, aldi berean. Gainera, doako sarrera edukiko du eta, horrenbestez, antolatzaileek herritarrei txapelketa “berezi” horretara bertaratzeko deialdia luzatu diete: “Gernika-Lumon eta inguruetan guztiz berria da”. Guztira, 224 lehiakide plazaratuko dira, denetariko kategorietan, sei urtetik hasi eta beteranoenetara arte. Etxeko taldeak, bere aldetik, 50 partaide kantxaratuko ditu. Halaber, 26 epaile eta 30 boluntario inguru arduratuko dira kudeaketa beharrez.
Egitarauaz.
09:00retan hasita eta 10:00ak bitarte, taldekako formak lehiatuko dituzte, eta ondorengo ordubetean, berriz, aurrez ezarritako borroka. 11:00etatik 13:00etara artean, banakako formen txanda izango da, ordubeteko atsedenaldia orduko; tarte hori bazkaltzeko baliatuko dute. 14:00etan berrekingo diote lehiari, 16:30ak arte borroka kategoria lehiatzeko. 16:45ean, goi mailakoen, gerriko belzdunen, erakustaldia eta itxiera gala egingo dituzte. Horregaz emango diote amaiera ofiziala lehiaketari.
Bestalde, KBG sindromea ezagutarazteko eta gaitz horren aurkako borrokarako diru bilketa egiteko baliatuko dute taekwondo txapelketa. Hain zuzen, postu bat egongo da frontoiaren sarreran, kontzientziazio eta bilketa lan hori egite aldera. Espainian, 100 lagun inguru dira, egun, mutazio genetiko batek eragindako gaixotasun arraro hori pairatzen dutenak; horietako bat TAE Gernikako partaide da. Ikerketa izango da diru bilketaren jomuga nagusia.