Aldundiak autobusentzako biraketa plataforma bat jarri du Gaztelugatxen
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxera Lurgorritik sartzeko puntuan autobusentzako biraketa plataforma egin du, Bost hilabetetan gauzatu ditu lanok, 440.458,79 euroko aurrekontuagaz.
Autobusentzako biraketa platafoema bat jarri du Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen sailak Gaztelugatxen; hain zuzen ere, San Juan ingurura Lurgorritik sartzeko puntuan egin ditu lanok bost hilabetetan, 440.458,79 euroko aurrekontuagaz.
Egindako lanon artean, 29 metroko diametroa duen biraketa plataforma egokitu dute, autobusei maniobrak egiteko aukera eskaintzen diena, bai errepidean sartzeko, bai irteteko. Gainera, jakinarazi dute autobus geraleku bat ere egokitu dutela sarbidean, baztergune eta markesinagaz, garraio kolektiboaren erabiltzaileei iriste erraztasuna errazteko asmoz.
Ibilgailu astunen joan-etorriak aurreikusi dituzte plataforma egiterakoan, eta, ondorioz, esfortzu handiak jasan ditzakeen zoru zurrun bat jarri dute, “erresistentzia” handia duena, “bigunguneak edo pitzadurak ager ez daitezen”.
Esan dute lanok egin dituztela orain arte inguru horretan ez zegoelako garraio publikoko geralekurik; hurbilena 200 metro biano gehiagora zegoen, Matxitxakoko itsasargirako bidean, Bermeo eta Bakio lotzen dituen errepidearen gainean.