Tradizioz betetako eta denentzat egindako San Polikarpo jaiak datoz
Gautegiz Arteagako San Polikarpo jaiek "tradizioari eutsiko" diote oraingoan ere. Kirol jarduera desberdinez gain, umeek gozatzeko hainbat aukera ere eskainiko dituzte. Besteak beste, bigarrenez antolatu duten pala txapelketaren finalak jokatuko dituzte zapatu arratsaldean, eta herri lasterketan batuko dira zapatu goizean.
Gautegiz Arteagako bizilagunek San Polikarpo herriko zaindariaren jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Tradizio herrikoi handiko jai egunak dira hauek, eta udalak «gustu eta adin guztietarako ekintzak» prestatu ditu herriko eragileekin batera.
Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkatearen berbetan, «asteburu oso bat» antolatu dute, belaunaldi berriei herri sentimendua transmititzeko: «Adin guztietarako hainbat jarduera izango ditugu tradizio handiko egun hau ospatzeko, garrantzitsua delako belaunaldi berriei herri sentimendu hori transmititzea. Tradizioei eusten diegu, meza nagusiagaz, herriko dantza taldearen emanaldiagaz eta krosagaz». Azpimarratu du haurrek gozatzeko ere hainbat jarduera antolatu dituztela, horiei lehentasuna emanez, baina pilota zein pala partiduak ere ez dira faltako sanpolikarpoetan. Hori horrela, herritarrei asteburu honetan «elkarrekin gozatzeko» deia egin die alkateak.
Hain zuzen ere, San Polikarpo eguna domeka (urtarrilak 26) izan arren, zapatuan hasiko dira ospakizunak; hala, azken urteetan presentzia lortu duen San Polikarpo Lasterketa Herrikoiagaz gorputzak berotuz abiatuko dituzte jaiak. 11:00etatik aurrera, Gazteluzar txokoaren inguruan bilduko dira kirolari zein kirolzaleak, adinaren arabera kros lasterketa lehiatzeko asmoz. Izan ere, gaztetxoenek adin tartetan banatuta parte hartuko dute, euren adinera egokitutako ibilbideagaz: 2-5 urte bitartekoak irtengo dira lehenengo, 6-8 urte artekoak gero, eta 9-11 urtekoak ostean.
11:30etik aurrera, aldiz, helduen lasterketa hasiko da. 5,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, eta, antolatzaileek esan dutenaren arabera, iazko ibilbide bera izango da aurtengoa: txokoan hasiko dira, Gaztelubidetik jarraituko dute, eta Zelaiederretik parkera ailegatu eta parkeari buelta emanda txokora itzuliko dira. Zirkuitu hori bost aldiz egin beharko dute nagusienek.
Lasterketan parte hartzeko, baina, izena eman behar da, eta prezioa bi eurokoa izango da haurrentzat, eta zortzi eurokoa, aldiz, helduentzat. Izena emateko epea zabalik dago, eta www.buscametas.com webgunearen bitartez egin daiteke hori; hala ere, lehiaketa egunean, 09:30etik aurrera, bertan ere izena eman ahalko da. Udalak eta Gartiape Kirol Klubak antolatzen dute lasterketa, eta urteroko parte hartzea espero dute: «Gaztetxoenen lasterketan parte hartzea handiagoa izaten da helduetan baino, 70 gazte biltzen baitira gutxi gorabehera. 100 parte hartzaile inguru izaten ditu lasterketak».
Korrika aritu ostean, baina, kirolak presentzia handiagoa izango du etzi. Izan ere, Pala Txapelketako finala lehiatuko dute frontoian, 16:00etatik abiatura. Gautegiz Arteagako Pala kluba sortu zuten joan den urtean udalerrian, eta hori sortu zutenetik kirol horrek presentzia are eta handiagoa du bai herrian, bai eskualdean. Pala txapelketek ikusmina eragiten dute, eta finalera ere jendea bertaratzea espero dute.
Ostean, gazteentzako Esna Gazte ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute arteagarrek. Bertan, egungo eta betiko abestiekin dantza egin eta familiarekin gozatzeko aukera paregabea izango dute bertaratzen direnek.
Zaindariaren eguna
Domekan ospatuko dute San Polikarpo eguna bera, Andra Mariko Parrokian meza nagusiagaz hasita. Ondoren, bertaratzen direnek Artie Dantza Taldearen dantzekin gozatuko dute, eta, gero, hamaiketako herrikoiaz gozatzeko aukera egongo da elizpean. Hain zuzen ere, 13:30etik aurrera Etxebarria aita-semeak arduratuko dira egonaldia trikitixa doinuekin girotzeaz.
Arratsaldean, aldiz, jaia frontoira itzuliko da berriro: esku pilota jaialdia izango da bertan. Lehenengo, Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak antolatutako haur eta gazte mailako partidak jokatuko dituzte, eta ondoren pilotari profesionalen txanda izango da: Urrutikoetxea eta Lizeaga Zabala eta Erostarbe bikotearen aurka ariko dira zein baino zein gehiago. «Iaz bigarren mailako profesionalak bertaratu ziren, baina aurten lehen mailakoak ditugu», esan du alkateak.
Antolatzaileek aurreratu dutenez partida hauetaz gozatzeko sarrera erosi beharko da, eta hori Herriko Tabernan zein Egala tabernan egin daiteke, 10 eurotan.
EGITARAUA
Etzi, urtarrilak 25
11:00. Umeen San Polikarpo herri lasterketa, Gazteluzar txokoan hasita.
11:30. Nagusien San Polikarpo herri lasterketa, Gazteluzar txokotik abiatuta.
16:00. San Polikarpo Pala Txapelketako finala frontoian.
20:30. Esna Gazte ikuskizuna.
Domeka, urtarrilak 26
11:00. Meza nagusia.
Ostean. Dantzak eta ikuskizuna.
13:30. Etxebarria aita-semeak.
17:30. Esku pilota jaialdia, frontoian. Sarrerak Egala eta Artea tabernetan. Lehenengo ume eta gaztetxoen bi partida, eta gero, profesionalak.