Garaipena, arnasa besteko beharrezko
Gernika Club SDk 3 eta 2 irabazi dio Deportivo Aragon taldeari. Garaipenak hauspoa eman die Urbietakoei, baina oraindik ezin izango dute guardia jaitsi: domekan, partidu garrantzitsua jokatuko dute Alaves B-ren aurka.
Txanponaren ifrentzu iluna bizitzen ari da Gernika Club SD taldea. Liga partiduetan ez du, egun arte, beharrezko erregulartasun zein bermerik erakutsi, garaipenak lortzerakoan. Hain zuzen, iragan abenduaren 1etik joan den asteburura bitartean, gernika-lumotarrek ez dute partidurik patrikaratu. Hori horrela, jaitsiera postuen arriskupean dago Urbietako taldea. Domekan [urtarrilak 19], zuzeneko aurkari baten, Deportivo Aragon taldearen, kontra jokatu zuten etxean. Jokatu ez ezik, 3 eta 2 gailendu ziren etxekoak.
Zaragozako taldea etxekoa baino hiru puntu gehiagogaz iritsi zen Urbietara. Partidua, beraz, hil ala bizikoa zen. Lehen minututik, jokoaren ardura guztia hartu zuen Gernikak, eta beren lan gogorrak uzta eman zuen: 28. minutuan, Jon Agirrezabalagak erdiratze aparta egin zuen, eta Mikel Arzalluzek maisuki errematatu; halaxe iritsi zen lehen gola. Ondoren, baina, aurten gehien errepikatzen ari den dinamikak beste pasarte bat utzi zien gernika-lumotarrei: aurkariek minutu bakar bat beranduago partidua berdindu zuten, Aitor Manasen golagaz.
44. minutuan, Deportivo Aragon etxeko atezainak Arzalluzek jaurtitako penaltia gelditu zuen
Behera egin ordez, etxeko jokalariek partiduaren tentsioari eusteko gaitasuna erakutsi zuten. Hurrengo une giltzarria 44. minutuko Gernikaren aldeko penaltia izan zen; Aragoiko etxeko atezainak, Arzalluzen asmoa igarrita, geldialdia egin zuen. Kuriositate modura, ordura arte, Gernika Club SD zen aldeko penalti bat aurtengo denboraldian eduki ez duen klub bakarra. Banakoagaz joan ziren talde biak aldageletara.
Egituratzeaz.
Atsedenaldiaren ondoren, Gorka Iraizozek aldaketak egin zituen hamaikakoaren sisteman, eta aldaketok golaren fruitua ernalduarazi zuten. Ausart agertu zen etxeko taldea; kamutsago, ostera, arerioa. Ander Barck arduratu zen markagailuan 2 eta 1ekoa ezartzeaz. Penalti eremutik atzerako artazikada ederra egin zuen, baloia doi-doi sareratzeko. Jarraian, aurretik izanda ere, gernika-lumotarrek erasoaldietan presioa egiten jarraitu zuten. 71. minutuan, Arzalluzek gola ate joka utzi zion Ander Lakari, eta ondarrutarrak ez zuen barkatu: 3 eta 1. Zenbait aldaketa egin ondoren, Deportivo Aragonek geratzen zitzaizkion aukerak zukutzeko azken saiakera egin zuen. Kale edo bale. Korner bat azti baliatuta, Kone arduratu zen 3 eta 2koa markagailura eroateaz. Edozelan ere, etxeko taldea ez zen aztoratu, eta asmatu zuen emaitza horri amaierara arte eusten.
Alaves B aurretik dute sailkapenean: arabarrak jaitsiera postuak orduko azkenak dira; gernika-lumotarrak, aldiz, gune gorriaren barruan direnetatik puntu gehien dauzkatenak
Iraizozek, partiduaren hondarrean, “beharrezko” garaipentzat jo zuen Urbietan lorturikoa, eta jokalarien jarrera goraipatu. Hurrengo jardunaldiari dagokionez, joandakoa bezainbesteko erabakigarria izango da. Alaves B talde babazorroa izango dute aurrez aurre, hori ere zuzeneko etsaia. Izan ere, jaitsiera postuetatik kanpo dagoen azken taldea da arabarra; gernika-lumotarra, aldiz, gune gorri horretan gailurreren ageri dena.
Biak ala biak 21 puntugaz berdinduta daude. Domekan [urtarrilak 26] izango da neurketa, 12:00etan, Ibaian. Gasteiztarrak Urbietara etorri zirenean, banako berdinketagaz bueltatu ziren. Hala, partidu borrokatua izateko osagai guztiak dauzka asteburukoak.