Senegalen dauden euskal atunontziek Panamako eta Costa Ricako uretan lan egiteko kudeaketak hasiko dituzte
Europaren eta Senegalen arteko arrantza akordioa azaroan amaitu zen, eta EBk ez du berritu, Afrikako herrialdeak ez duelako nahikoa egiten legez kanpoko arrantzaren aurka. Horiek Panamako eta Costa Ricako uretan arrantzatzeko kudeaketak egiten ari da Espainiako ministerioa.m
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Eusko Jauraritzari jakinarazi dio duela bi hilabetetik Senegalgo Dakarreko portuan amarratuta dauden euskal kanabera atunontziek —horietako bi bermeotarrak dira, Pilar Torre eta Corona del Mar, eta bana Hondarribikoa eta Getariakoa, Berriz san Francisco eta Iribar Zulaika, hurrenez hurren— Panamako eta Costa Ricako urtean lan egiteko kudeaketak hasiko dituztela, “gaur egun Senegalgo uretan ezin dutelako arrantzan egin, Europar Batasunaren eta Senegalen arteko akordioak amaitu eta gero”.
Izan ere, Dakartuna arrantza konpainiako lau kanabera atunontziek bi hilebete daramatzate arrantza egin ezinda eta Dakarreko portuan lotuta. Lau ontziak Europa eta Senegalen arteko sokatira lehia politiko eta legalaren erdian kateatuta daude. Ze, Europa eta Senegalen arteko arrantza akordioa iazko azaroaren 17an amaitu zen, eta Europak ez zuen berritu, Senegalek legez kanpoko arrantzaren aurka nahikoa neurri hartzen ez zituelako.
Egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz, gaur goizean (urtarrilak 20) bildu dira Madrilen Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordea eta Isabel Artime Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza konfederazioko idazkari nagusia, lau euskal atunontzien egoerari buruz berba egiteko. Horiez gain, Ixone Soroa Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, Javier Garate CEPESAko presidenteak eta Dakarren ainguratutako itsasontzien hiru armadorek ere parte hartu dute topaketan.
Espainiako Gobernua atunontzi horiek Panamako eta Costa Ricako uretan lan egiteko aukera aztertzen ari den bitartean, Jaurlaritza itsasontzi bakoitzari gehienez 40 mila euroko Minimis laguntza ematea aztertzen ari da, bizi duten geldialdi egoera arintzeko asmoz, Azkuek adierazitakoaren arabera. “Lehen unetik, Europar Batasunaren eta Senegalen arteko akordioa amaitu ostean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioagaz harremanetan jarri ginen, lau euskal atunontziei harrera egin ziezaien”, gogoratu du Lekuek. Eta, gehitu duenez, Europar legerian aurreikusitako laguntza horiek ez dute Europako Batzordearen aurretiazko baimenik behar.
Gainera, gaurko batzarraren ostean, jakinarazi dute Espainiako ministerioak flotaren txostenean Europako Batzordera bidal lezakeela euskal flotek bizi duten egoera, “balizko konponbideak eta laguntzak aktibatu daitezen”.
Aurrekariak.
Espainiako Arrantza Konfederazioak (Cepesca) eta Dakartunako Atunontzi Kanaontzien Elkarteak (Dakartuna) hiru urte daramatzate atunontziek Senegalen dituzten arazoak konpontzeko eskatzen, bizi dutena “muturreko egoera” dela esanda.
Izan ere, Kanabera flotak, esaterako, Senegalgo uretan arrantzatzen zituen normalean tunido tropikalen espezieak, hala nola hego motza eta mika urdina. Eta, EBren eta Senegalen arteko akordioa amaitu eta gero, ia hiru hilabete daramatza arrantzarik egin barik, Senegalgo Gobernuaren betoa dela eta; izan ere, Han badian sartzea eta arrantzarako beita bizia eskuratzea eragozten die. “Bere garaian, Europako Batzordeak txosten zientifiko bat egin zuen, beita biltzeak Senegalgo kalaren eremu horretan duen eragin txikia frogatzeko”, gogoratu du behin baino gehiagotan Cepescak.
2019ko uztaileko Senegalgo EBrekiko arrantza akordioak bost urteko aldia behatzen zuen, eta EBk 1,7 milioi euroko ekarpena egiten zuen urtean; 800.000 euro ziren Senegalgo uretarako sarbide gisa, eta gainerakoa herrialdeko arrantza tokiak kudeatzeko politikak laguntzeko.