Bermeoko bi tabernatan eta denda batean egindako lapurreten ustezko egileak atxilotu ditu Ertzaintzak
19 eta 21 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, Areatzan, urtarrilaren 13an Bermeon egindako hiru lapurretaren ustezko egileak direlakoan.
Bermeoko ostalaritzako bi establezimendutan eta bizikleta-denda batean indarra erabiliz egindako lapurreten ustezko egileak atxilotu zituen bariku arratsaldean Ertzaintzak, Areatzan. Ertzaintzak jakinarazi dutenez, atxilotuak “polizia-aurrekari ugari” dituzten 19 eta 21 urteko bi gizonezko dira, “batez ere jabetzaren aurkako delituengatik”. Atzo [urtarrilak 19] goizean eraman zituzten epaitegira, deklaratu zezaten.
Lapurretak joan den astelehenean [urtarrilak 13] egin zituzten, eta Ertzaintzak adierazi duenez, kasu guztietan “ustez bi gizon” izan ziren egileak eta estolda-estalkiak erabili zituzten bi leihotako eta ate bateko kristalak hautsi eta barruan sartzeko. Taberna batean dirua lapurtu zuten eta dendan, dirua eta 2.500 euro balio zituen bizikleta elektrikoa. Bizikleta hori zelai batean abandonatuta aurkitu zuen Udaltzaingoaren patruila batek, eta dagoeneko bere “legezko jabeari” itzuli diote.
Ikerketa, zabalik.
Epailearen baimenarekin atxilotuen etxeetan egindako miaketetan “lau ordenagailu eramangarri, lau tableta, hamazazpi telefono mugikor, bi erloju, haxixa eta pistola bat” aurkitu zituzten, eta iragarri dutenez, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitateari bidaliko dizkiete aztertu ditzaten. Aurkikuntza hori dela eta, polizia-ikerketak zabalik jarraitzen du, “material horren jatorria, ziurrenik legez kanpokoa eta beste lapurreta batzuetakoa, argitzeko”,